Atzoko Egialderen historia bildu dute liburuan Felix Ibargutxik eta Eva Aztiriak
Burdinola elkarteak sustatu du lanaren argitalpena, eta larunbatean aurkeztu zuten publikoz goraino bete zen Latxartegi aretoan. 2024an, Kale Zaharrari buruzko liburua argitaratuko dute.
Felix Ibargutxi eta Eva Aztiria dira 'Atzoko Egialde' liburuaren egileak. ARGAZKIAK: Tere Madinabeitia Telleriarte etxez etxe lehenik, Brinkola gogoan, apunte historiko eta etnografikoak gero, Lehengo Aztiri ondoren, Elbarrena auzoa, auzo ahaztua laugarrenik eta Atzoko Egialde orain. Legazpiko auzo guztiek badute dagoeneko bere historia jasotzen duen liburua.
Egialdekoa larunbat eguerdian aurkeztu zuten. Burdinola elkarteak sustatutako argitalpena da, eta Legazpiko auzoetako ziklo hori ixteko «azken aurrekoa», oraindik Kale Zaharrari edo Nafarroa kaleari eskainitakoa falta delako. Datorren urtean argitaratuko omen dute.
Latxartegi aretoan egin zuten aurkezpena Eva Aztiria eta Felix Ibargutxi egileek, publikoz goraino betetako ekitaldi batean.
30 baserri, 300 argazki
Burdinola elkarteko Jose Luis Ugartek eman zuen lanaren ardatz nagusien berri. Atzoko Egialde liburuak 430 orrialde ditu, eta 30 baserriren eta etxeren berri ematen du, 300 inguru argazkiz lagunduta. Egunean bertan jarri zuten salgai 20 euroan, eta Apatxo liburu dendan ere bai gero, baina momentuz, agortuta dago.
Argitalpena bi zatitan dago banatuta. Eva Aztiria irakasleak eta historialari afizionatuak gizarte gaiak eta ekonomiaren alorra jorratu ditu. Felix Ibargutxi kazetariak, aldiz, baserriz baserriko kontuak bildu ditu.
Bien helburua «Egialde auzoaren inguruan dugun ezagutza Legazpiko herriarekin partekatzea» izan da, «gure ikerketan aurkitu ditugun datuak azalduz». Ikerketa hori gauzatzeko hainbat informazio iturritara jo dute, artxibategi, argitalpen eta auzoko adinekoen ahozko testigantzetara, hain zuzen.
Mugarririk gabeko auzoa
Ugartek azaldu zuenez, gaur Hegialde gisa ezagutzen dena baino zaharragoa da Egialde, eta hartzen duen eremua ere bai, oraingoa askoz ere zabalagoa delako.
Jatorrizko Egialde bost baserrik osatzen zuten, Egizabalek, Urtatzazarrek, Argindegik, Berokik eta Eguzkitzak, baina «auzoak ez du historikoki barruti jakinik izan», eta libururako hiru eremu bereiztu dituzte. Batetik, bost baserri haiek eta lehengo «Egialde haren luzapena» izango liratekeen lau Lakiolak daude; bestetik, Urtatza erreka; eta hirugarrena, Muru aldea.
Multzoari batasuna emateko, elizbidea hartu dute ardatz, hau da, elizan sortu edo amaitzen zen bidea, eta egialdetarrek erabiltzen zutena. Hala ere, elizbide horretatik kanpo zeuden baserri batzuk ere sartu dituzte, Apatso edo Olazabal bezala.
Gizartea, ekonomia eta baserriak
«Gaurko Egialde ulertzeko, aurrekoei erreparatu behar zaie», diote egileek liburuan, eta horretarako hainbat gai jorratu dituzte. Eva Aztiriak gizarte gaiak eta ekonomia landu ditu, eta besteak beste, auzoko familien arteko harremanak, bizilagunen lanbideak, asialdia, emigrazioa eta auzolana aztertu ditu, hori guztia «lehengo familiak nolakoak ziren eta nola bizi ziren erakusteko».
Ibargutxi etxez etxe ibili da, bakoitzaren historian arakatuz, eta irudi asko bildu ditu, batzuk «balio historiko handikoak». Aurkezpenean zehar irudi horietako asko erakutsi zituen, eta publikoaren artean egunduko harrera izan zuten. Familia osoak, lagun kuadrilak, ospakizunak, etxeak, pertsonaiak… guztiek osatzen dute atzoko Egialde.















