Ataungo Larruntza errotan bisita gidatuak, Erroten Egunean
Maiatzaren 18an, San Gregorioko Larruntza errotan bisita gidatuak antolatu dituzte: 10:00etan eta 12:00etan euskaraz, eta 11:00etan eta 13:00etan gaztelaniaz. Bisitak dohainik dira. Aurrez izena eman behar da.

IV. Gipuzkoako Erroten Egunaren barruan, maiatzaren 18an, Ataungo Larruntza errotan bisita gidatuak antolatu dituzte: 10:00etan eta 12:00etan euskaraz, eta 11:00etan eta 13:00etan gaztelaniaz. Bisitak dohainik dira baina aurrez izena eman behar da: barandiaran@gipuzkoanatura.eus edo 943 18 03 35 / 688 895 069.
Ataunen, garai batean bederatzi errota egon ziren funtzionamenduan. Gaur egun, Barandiaran Museoa Ataungo San Gregorio auzoko Larruntza errotan kokatuta dago. Larruntza errotaren lehenengo aipamenak XV. mendekoak dira; historia luzea du, beraz. 2003an Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo izendatu zuen.
Eraikinak garai bateko itxurari eutsi dio, baina barrua teknologia berrienez hornitua dago. Larruntzako errotatik pasatako urarekin, behereago Errotatxo eraiki zuten 1667an, ataundarren beharrei hobeto erantzuteko. Hasieran bi harrikoa bazen ere, XIX. mende bukaeran harri bat kakaoa ehotzeko erabili zuen Martin Garaialdek, txokolatea egiteko; “GaraialdeTxokolateak” sonatuak ziren.
1900. urtean Martin Garaialdek eraiki zuen zerrategi hidraulikoa, Errotatxori erantsita, auzoko beharrei erantzuteko. Zerrategi hori, zerra bertikal batez, lixagailuz eta tornu batez osatuta dago.