Euskal Herriko artisau garagardoen topaleku
Emaneurrek antolatu du VIII. Euskal Herriko artisau garagardo azoka eta txapelketa. Garagardoaz gain, jana eta musika ere izango dira bihar aukeran Ordizian.

Euskal Herriko artisau garagardo azoka antolatu du Emaneurrek, zortzigarrenez. Atzo eta gaur dastaketak egin ondoren, bihar, lehiaketaren eta azokaren txanda izango da. Euskal Herrian ekoitzitako garagardoen erakusleiho izango da beste urtebetez dagoeneko erreferente bilakatu den Ordiziako Plaza Nagusiko garagardotegi erraldoia.
Hamasei garagardo izango dira: Basabe (Legorreta), Baoober (Elgeta), Atala (Burlata), Higer (Hondarribia), Meta Edabeak (Donostia), Garagart (Gasteiz), Blas Tito (Gorliz), Zampano (Aizarnazabal), Brewewery Land (Zumaia), Iparra (Tolosa), El Holandes Errante (Erriberri), Xorta (Burgi), Scimmia (Gasteiz), Naparbier (Iruñea), Bidassoa (Irun) eta Malagissonaw (Oiartzun).
Goizean izango da lehiaketa eta lau lagunek osatuko dute epaimahaia: Asier Aseginolazak, Leire Arandiak, Jon Mendizabalek eta Diego Barriok.
Salmenta zuzena
Garagardo ekoizleek zuzenean salduko dute garagardoa, iturritik, edo etxera eramateko botila eta latatan. Antolakuntzak edalontziak eta kopak salduko ditu. Jatekoa ere izango da aukeran. Batetik, goizean hasi eta arratsalderako prest egongo diren burduntzian erretako Euskal Labeldun txerri pintxoak, Kroketxea etxeko kroketak eta Lazkaoko taloak. Giroa alaitzeko, zuzeneko musika ere izango da Iratzar erromeria taldearekin, 20:00etan.
Materiala eta Euskaraldia
Emaneurreren material berria (kamisetak eta biserak) salgai izango da bihar, 15 euroan. Euskaraldiko informazio mahaia ere jarriko dute plazan (11:30-13:00), izena emateaz gain, txapak eta H pegatinak jasotzeko.
Egitaraua
- 11:00: Irekiera.
- 11:30: Txapelketa.
- 14:00: Sari banaketa.
- 14:30: Goizeko itxiera.
- 17:00: Irekiera.
- 20:00: Iratzar erromeria.
- 21:30: Zozketa.
- 23:45: Espuela.
- 00:00: Itxiera.