Legazpiko dantzariak, dominarik gabe, baina bikain gazteen aurresku txapelketan
Sara Escudero, Araitz Berasategi, June Osinalde, Nora Escudero eta Nora Lafuente dira Errenteriako finalera iritsi ziren legazpiarrak, lauak Sustraiak dantza taldeko kideak. Finala larunbatean jokatu zen, eta Lezoko Hugo Harok eta Lur Lacasta irabazi zuten A eta B sailetan hurrenez hurren.

Legazpiko ordezkariek dominarik gabe baina parte hartze bikainarekin amaitu dute Gazteen Mailako gipuzkoar erako Aurresku Txapelketa Nagusia. Txapelketaren zazpigarren edizioa zen aurtengoa, eta larunbatean jokatu ziren finalak Errenteriako Niessen kultur gunean, A sailean (7-10 urte) eta B sailean (11-13 urte).
Sail bakoitzean 12 dantzari aritu ziren, eta horien artean bost legazpiar ziren, bostak Sustraiak dantza taldeko kideak: Sara Escudero (A sailean) eta Araitz Berasategi, June Osinalde, Nora Escudero eta Nora Lafuente (B sailean).
Bi sailetako txapelak Lezora joan ziren. A sailean Hugo Harok irabazi zuen, eta B sailean Lur Lacastak.
Sustraiak dantza taldeko ordezkariek adierazi dutenez, dantzariak “bikain” aritu dira, eta urtarrilean Legazpin hasi eta larunbatean Errenterian amaitu den txapelketa honetan “hobekuntza handia izan dutela argi eta garbi utzi dute”. Aldi berean, zoriondu egin nahi ditu txapelketa honetan aritu diren dantzari eta irakasle guztiak. “Horrela segi eta datorren txapelketara arte!”.
Sailkapenak
A saila:
1-. Hugo Haro (Lezo)
2-. Gorane Villa (Lezo)
3-. Ane Perez (Lezo)
4-. Sara Escudero (Legazpi)
5-. Amaiur Iturbe (Lezo)
6-. Laia Illarreta (Legorreta)
B saila:
1-. Lur Lacasta (Lezo)
2-. Ixone Lorenzo (Lezo)
3-. Nora Escudero (Legazpi)
4-. June Osinalde (Legazpi)
5-. Nere Sarasola (Zizurkil)
6-. Izadi Arbelaitz (Errenteria)

Errenteriako txapelketako irabazleak eta partaide guztiak.