Arartekoaren ebazpena, Ordiziako ikastetxeetan "ikasleen banaketan oreka sustatzeko"
Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gomendatzen zaio behar diren neurri zuzentzaileak har eta bultza ditzala "Ordizian funts publikoekin lagundutako ikastetxeetan ikasleen banaketan oreka sustatzeko eta eskola-segregazioko egoerak saihesteko".

Arartekoaren 2025eko ekainaren 3ko 2025R-11-24-O ebazpenak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari “gomendatzen dio behar diren neurri zuzentzaileak har eta bultza ditzala Ordizian funts publikoekin lagundutako ikastetxeetan ikasleen banaketan oreka sustatzeko eta eskola-segregazioko egoerak saihesteko”.
Arartekoaren arabera, “emandako datuetan oinarrituta, bistako lehen ondorioa da herrian funts publikoekin lagundutako bi ikastetxe publikoetan oraindik ere desoreka handia dagoela ikasleen banaketan. Hala, Urdaneta HLHIn nagusiki atzerritar jatorriko ikasleak daude (zaurgarritasun sozioekonomiko edo gizarte- eta hezkuntza-zaurgarritasun handiena eta euskara-ezagutza txikiena duten ikasleak izan ohi dira), eta Jakintza Ikastola HLBHIPn, berriz, bertako ikasleak daude gehienbat (ez dakigu zein den familien euskara-ezagutza, datu hori ez baita eman, eskatu arren)”.
Arartekoaren iritziz, datu horiek erakusten dute “hezkuntza-sistemak ez duela konpondu Ordizian dagoen desorekaren arazoa, eta ezin dela esan aniztasunaren banaketa egokia dagoenik, ezta printzipio gidariak —hala nola gizarteratzea, gizarte-kohesioa eta ekitatea— bermatuta daudenik ere. Beraz, erakunde hau ez dator bat ikasleak eskolan sartzeari, onartzeari eta eskolatzeari buruz onartutako araudi berriak udalerriaren egoeran izan duen eraginari dagokionez Hezkuntza Sailak egin duen balorazio positiboarekin. Era berean, uste du ezin dela esan eskola-segregazioaren arriskua nabarmen gutxitzen ari dela, helburu hori lortzea urrun baitago neurri irmoagoak hartzen ez badira”.
Era berean, “Hezkuntza Sailari planteatutako gainerako gaiei dagokienez, deigarria iruditzen zaigu sail horrek emandako erantzunak nahikoak ez izatea, nahiz eta hainbat aldiz informazio-eskaerak egin diren”.
Ildo horretan, “Arartekoak berariaz galdetu zuen zer arrazoik eragin duten 2023-2024 eta 2024-2025 ikasturteetan aplikatutako zaurgarritasun-indizeetan hain gorabehera garrantzitsuak egotea, herriaren egoera soziala eta demografikoa funtsean aldatu ez dela aintzat hartuta (hain zuzen, atzerritar jatorriko biztanleria-tasa handitu ahal izan da). Kontu hori garrantzitsua da; izan ere, indize hori lortzeko metodologia zertxobait konplexua da, eta datu jakin batzuk (batez ere zenbakizkoak) eman badira ere, ez dira eskatutako arrazoiak azaldu, eta emandako informazioa, neurri handi batean, gai hori arautzen duten lege- eta erregelamendu-xedapenen edukiaren erreprodukzio hutsa besterik ez da”.
Era berean, “Hezkuntza Sailak ez dio berariaz erantzun planteatutako honako galdera honi ere: arau-xedapen berriak aplikatzeaz gain, Ordizian datozen ikasturteetan arazoa desagerrarazteko neurri edo jarduketa espezifikoak hartuko dituen ala ez, neurri edo jarduketa horiek zehaztuta. Horri dagokionez, zehaztu behar da Ordizian neurri espezifikoak hartzeak ez duela esan nahi Hezkuntza Sailak ezin dituenik horrelako neurririk hartu antzeko arazoren bat duten beste udalerri batzuetan. Bestalde, berariazko neurriak hartzea bateragarria izan daiteke lurralde osoan eta EAEko hezkuntza-sisteman eragina izan dezaketen hezkuntza-politikako beste neurri orokor batzuk aplikatzearekin”.
Beraz, “Arartekoak uste du indarrean jarraitzen dutela 2019an egindako gomendioek, eta Hezkuntza Sailak neurri zehatzak hartu behar dituela Ordiziarako”. Zehazki idatzi ditu neurriak Arartekoak:
- “Udalerrian dauden funts publikoekin lagundutako bi ikastetxeetan (Urdaneta HLHI eta Jakintza ikastola HLBHIP) aniztasuna modu ekitatiboagoan banatzeko neurrien jarraipena eta ebaluazioa bultzatzen jarraitu behar du, udalerri horren berezitasuna kontuan hartuta (eta horrek baldintzatu gabe egin daitezkeen beste jarduketa espezifiko edo orokor batzuk). Horretarako, hezkuntza-programazioaren edo -plangintzaren eta ikasleen sarbidearen arloetan eragin behar du (onartzeko prozedurak eta matrikula
bizia kudeatzea), eta atzerriko ikasleak modu orekatuan banatzeko behar diren jarraibideak eman behar dizkie bere zerbitzuei”. - “Hezkuntza-komunitatearen, ikastetxeen eta aipatutako esparru materialetan edo beharrezkoak diren beste batzuetan interesa duten administrazioen parte-hartzea sustatu behar du. Bereziki, udaleko hezkuntza-kontseiluaren funtzionamendua sustatu edo bultzatu behar du; horretarako, batetik, beste administrazio batzuekin lankidetzan jardun behar du, eta, bestetik, eskola-mapan eta ikasleen ongizatean eta garapenean kohesio eta oreka handiagoa lortzeari begira, hezkuntza-politiketan elkarrekintza bilatu behar du”.
Ildo horretan, “Arartekoak gogorarazi nahi du, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 60. 4 b) artikuluaren arabera, hezkuntza-kontseilua erakunde-espazioa dela, eta herritarrak heztea erantzukizun partekatua dela jotzen duela, eta berariaz esku hartuko duela honako hauek egiteko: “Berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleen eskolatze egokia eta orekatua bermatzeko beharrezko diren jarduketak eta neurriak, arrazoi sozioekonomikoek edo bestelakoek sorturiko ikasle-segregazioa saihesteko.”
Horregatik guztiagatik, “gomendio hau egiten dugu, otsailaren 27ko 3/1985 Legeak −erakunde hau sortu eta arautzekoak− 11 b) artikuluan ezarritakoaren arabera: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gomendatzen zaio behar diren neurri zuzentzaileak har eta bultza ditzala Ordizian funts publikoekin lagundutako ikastetxeetan ikasleen banaketan oreka sustatzeko eta eskola-segregazioko egoerak saihesteko”.