Ordiziako Plaza Nagusiko estalkiaren mendeurrena
1925eko ekainaren 11n inauguratu zuten Ordiziako Plaza Nagusiaren estalkia. Plaka jarri dute. Azokako baserritarrei eta saltzaileei opari bana banatu diete.

Gaur, duela 100 urte, 1925eko ekainaren 11n inauguratu zuten Ordiziako Plaza Nagusiaren estalkia. Osteguna zen, Corpus eguna. 100 urte beranduago, asteazkenez, mendeurrena ospatu dute gaur goizean Ordizian.
Plazaren zutabe batean jarritako ehungarren urteurreneko plakaren aurrean hainbat udal ordezkarik argazkia ateraz hasi da ospakizuna. Ondoren, azokako baserritarrei eta saltzaileei, oparitxo bana eman diete Ordiziako Azokaren poltsa berrerabilgarrian sartuta: txokolatezko mendeurreneko logotipoa, idatzi batekin lagunduta.
Honela dio idatziak hitzez hitz:
Azoka eguna den ekainak 11ren asteazken honetan, Ordiziako plazak 100 urte betetzen ditu. Plazak baino, bere estalkiak, aurretik ere, bost mende luzez hemen ospatu den azoka babesteko asmoarekin sortu zen. Ez baita plaza azokarik gabe ulertzen, eta ezta azoka plazarik gabe. Ez dugu Ordizia plazarik gabe ulertzen, eta ezta azokarik gabe ere! Horregatik, mendeurren honen ospakizuna azokaren eta plazaren arima zareten baserritar eta saltzaileekin ospatu nahi genuke. Zorionak, eta goazen bigarren mendearen bila!.
Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen esanetan, “ezin egun aproposagoan” egokitu da mendeurrenaren eguna. “Ekainaren 11 batean izan zen, osteguna zen, Corpus eguna baliatu zutelako inauguratzeko. Eta mendeurrena asteazken batean egokitu da eta uste dugu egun ezin aproposagoa dela, nahiz eta oso kontziente izan, plaza honek Ordiziari asko eskaintzen diola, azoka estaltzeko estali zelako”.
Gogoratu du “azoka izan zen eta da estalki honen oinarria. Hemen jarraitzen du izaten asteazkenero, nahiz eta beste ekitaldi asko egiten ditugun. Mendeurrena ospatu nahi genuen azoka egun batez, eta eskerrak emanez batez ere baserritarrei eta saltzaileei, beraiek egiten dutelako azoka”.
Garbi du Ezenarrok: “Beti esaten dugu, azoka ez da ulertzen plaza gabe, baina Ordizia ez da ulertzen plaza gabe eta azoka gabe. Uste dugu oso lotuta daudela herria, plaza eta azoka”.
Erakusketa
Bestalde, D’Elikatuzen argazki erakusketa ere jarri dute ikusgai, “ikusteko mende honetan ze bilakaera izan duen. Aurretik ere plaza nola zegoen”.
Irudimena eta ausardia
Azkenik, ondorengo hausnarketa egin du Ezenarrok: “Hemen gaude duela mende bat, ordiziar batzuk izugarrizko irudimena eta ausardia izan zutelako plaza hau estaltzen. Egia da gaur egun mundu osoan ez dagoela horrelako adibiderik, ez dago plaza estali baina ireki bat. Ordiziarrentzat leku kuttuna da eta dagoeneko 100 urte bete ditu”.

Adur Ezanarro Ordiziako Alkatea opariak banatzen azokako baserritarrei eta saltzaileei.Loinaz Agirre.