Ordiziako txupinazorako hautagaien proposamenak
Herritarrek proposamenak aurkez ditzakete. Uztailaren bigarren astean jakinaraziko da nork botako duen Larrunarri kantu taldearekin batera 2025eko Santa Ana jaietako txupinazo nagusia.

Ordiziako Santa Ana jaiak berrikuntza batekin datoz aurten: txupinazoa nork botako duen aukeratuko dute herritarrek.
Udalak iragarri duenez, aurtengo Santa Ana jaietako txupinazo nagusia 25 urte bete dituen Larrunarri kantu taldeak botako du.
Eta ondoan izango dituzte Larrunarriko kideek herritarrek aukeratutako pertsona edo elkartea. “Herriari egindako ekarpenak kontuan hartuko dira, baita norbere arloan izandako merituak, bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana”, zehaztu du Manex Berzosa kultur zinegotziak.
Proposamenak gaurtik ekainaren 25era bitartean jasoko dituzte, komunikazioa@ordizia.eus helbidean, sare sozial edo 688 817 583 telefonoan whatsapp bidez, eta Barrenan jarriko den kutxan.
Zein den proposatutako hautagaia eta zergatik proposatu den adierazi behar da. Taldeak edo norbanakoak izan daitezke.
Jasotako proposamenetatik udalak jakinaraziko du zein diren lau finalistak ekainaren 27an, eta segidan berriz ere zabalduko da bozketa lau finalista horien arteko bat hautatzeko. Bide beretik eman beharko da botoa; pertsona bakoitzeko boto bakarra.
Uztailaren bigarren astean jakinaraziko da nork botako duen Larrunarri kantu taldearekin batera 2025eko Santa Ana jaietako txupinazo nagusia.