Bellota lantegi zaharraren zati bat botatzen hasi dira
Eraisketa industria eremu hori berregokitzeko Sprilur egiten ari den urbanizazio lanen barruan kokatzen da.

Legazpin Sprilur erakundeak kudeatzen duen Sidenor ohiko eremuan eraiste lanak egiten hasi dira, zehazki Zumarragatik gertuen dagoen inguruan. Lan horiek, 90.882 metro koadroko industria eremuan integratutako lursail baten urbanizazio lan osagarriaren bigarren fasean kokatzen dira.
Fase honetan Urola ibaia azaleratuko dute, eta horretarako, altzairutegi zaharrari erantsitako eraikinak eta hotzean ijezteko eraikinaren zati bat eraitsi behar dituzte. Lan horien ondorioz sortzen diren zuloak estaltzeko, bertatik ateratako materiala erabiliko dute. Eraikinak eraitsi eta gero, ibaia azaleratuko dute, 120 metro inguruko luzeran, eremuaren behe aldean. Ibaiaren jatorrizko egoera berreskuratzea da helburua, eta horretarako, zazpi metro inguruko altuera izango duten paretak eraikiko dituzte ertzetan, urak bideratzeko. Bestalde, industria eremu berrian uholdeak saihesteko, zubi bat eraikiko dute ibaia azaleratu ezin den sarrerako biribilgunearen eremuan. Gainera, ibaiaren eskuineko ertzean pasealeku bat egingo dute, Zumarragarako noranzkoan, bidegorriarekin lotu arte.
Lan horiez gain, Sprilurrek harguneak, lur mugimenduak, ur bilketa, saneamendua eta instalazio elektrikoa berrurbanizatu eta egingo ditu.
Gotzon Aranburuk bideoan jaso ditu eraiste lanak.