Legazpiar berriei ongietorria egiteko gida kaleratu du udalak
Euskara oinarri duela, sei hizkuntzatan dago eskuragarri. Gidaz gain, «enbaxadoreak» ere izango dituzte lagun herria ezagutzeko.

Udalak Ongi Etorri Gida osatu du, erroldatzen diren pertsonei udalerriak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko funtsezko informazioa bilduta. Joan den ostiralean aurkeztu zuten udaletxean Eric Galvez alkateak, Miryam Galilea Herritarren Arretarako zinegotziak, gidaren azala egin duen Libe Andueza ilustratzaileak eta Kubako, Peruko eta Hondurasko komunitateen ordezkariek edo «enbaxadoreek».
Gida hau udal teknikarien laguntzarekin egin dute, Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzuko langileen inplikazio bereziarekin, horiek baitira erroldatzen diren pertsonekin harreman zuzenagoa dutenak.
Elebiduna da, eta euskara oinarrizko hizkuntza izanik, gaztelaniarekin, arabierarekin, urduarekin eta errumanierarekin konbinatuta argitaratu dute paperean, eta ingelesarekin batera online dago eskuragarri legazpi.eus webgunean.
Galvez alkateak honela aurkeztu zuen argitalpen berria: “Gaur ez dugu gida bat bakarrik aurkezten. Gaur asmo bat aurkezten dugu. Iristen denari begiratu eta, itzulingururik gabe, etxean dagoela esateko modu bat. Badakigu berriro hastea ez dela erraza: leku desberdin bat, hizkuntza berri bat, oraindik ezagutzen ez ditugun aurpegiak… Eta horregatik, gida hau hemen dago. Laguntzeko. Lehen unetik gertu egoteko. Norbait herri batera iristen denean, ez da esku hutsik iristen. Bere istorioa dakar. Mundua ikusteko duen modua. Parte hartzeko gogoa. Eta hori gertatzen denean, errespetuan oinarrituta partekatzen dugunean, ezberdintasunetik batuz, guztiok irabazten dugu”.
Enbaxadoreak
Gida huts bat izan beharrean, legazpiar berriei “harrera eta ongietorria egiteko proiektu zabalagoa” dela zehaztu zuten aurkezpenean. Horrela, erroldatutako pertsona berriek hainbat nazionalitatetako “enbaxadore” diren herritarrekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, udalerrian egingo dituzten lehen urratsetan gertuko laguntza jasotzeko.
Enbaxadore horien lana “funtsezkoa” da Galilea zinegotziaren esanetan, “lehen ongietorria zuzenean” egingo dietelako: “Hasiera-hasieratik gure komunitatearen parte direla eta etxean daudela sentiaraziz”. Legazpik dituen zerbitzuak “modu zuzen eta erakargarrian” hobeto ezagutzen laguntzeko euskarria da gida, “baina Legazpi askoz gehiago da, eta enbaxadoreak arduratuko dira hori erakusteaz”
52 nazionalitate
Legazpin 52 nazionalitatetako pertsonak bizi dira gaur egun, eta momentuz hamahiru enbaxadore daude harrera lan hori egiteko. Harreman hori errazteko, udalak bulego bat jarri du Gizarte Zentroan. Udal ordezkariek enbaxadoreen inplikazioa eskertu zuten, bereziki “herrira iristen diren pertsona guztiak lehen minututik legazpiar senti daitezen jarri duten indarra eta maitasunagatik”. Hauek dira orain arteko hamahiru enbaxadoreak:
KUBA: Sonia Horrego
HONDURAS: Jeovany Soliman
PERU: Cynthia Vera
KOLONBIA: Karen Montes
MENDEBALDEKO SAHARA: Tkeira (Laila) Bumorah
SENEGAL: Ousman Ndiaye
NIKARAGUA: Karen Salgado
COSTA RICA: Carolina Lara
DOMINIKAR ERREPUBLIKA: Elizabeth Cuello
ARGENTINA: Alan Nicolás Diaz
VENEZUELA: Mariana Eguibar
PAKISTAN: Mohamad-Zaki Ahmad Bibi
MAROKO: Houda Arada.
Gainera, iragarri zuten urteroko urtarrilean ongietorri ekitaldi ofizial bat egiteko asmoa dutela, aurreko urtean erroldatzen direnei zuzenduta. Bideo bat ere egin dute, herria eta bertako paisaiak gehien identifikatzen dituzten tokiak erakusten dituena.