Unai Zabalok hirugarren egin du txirrindularitza egokituko Espainiako Kopan
Valentzian amaitu da txapelketa, eta errepideko lasterketa irabazi eta gero lortu du hirugarren postua sailkapen orokorrean, bi lasterketa egin ez zituen arren.

Unai Zabalo Murillo legazpiarrak brontzezko domina irabazi du txirrindularitza egokituko Espainiako Kopan, errepideko modalitatean. Igande honetan amaitu da txapelketa, Valentziako Vilamarxant herrian, eta lasterketa irabazi eta gero igo da sailkapen orokorreko podiumaren hirugarren postura.
Lanzaroten hasi zen Espainiako Kopa, baina txirrindulari legazpiarra ez zen haraino joan bi lasterketetan lehiatzera, eta hirugarren eta laugarren jardunaldietan heldu zion txapelketari, Murtzian, eta proba irabazi zuen. Hurrengo hitzordua Leonen izan zuen, eta orduan ere podiumera igo zen, hirugarren postuan. Oraingoan ere irabazi du lasterketa, eta bi proba jokatu gabe bazituen ere, hirugarren egin du sailkapen orokorrean.
Zabalok hankan jaiotzatik duen desgaitasunagatik txirrindularitza egokituko MC4 kategorian dago sailkatuta.