Idiazabalgo Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak 75. urteurrena ospatzen jarraitzen du
Gaur, Getarian ‘Eraikuntza eta Etorkizuna’ jardunaldia egin dute, enpresa munduko eta politikagintzako hainbat ordezkariren presentziarekin. Tartean izan dira Idiazabal, Zegama eta Ordiziako alkateak ere.

Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak 75 urte bete ditu, Gipuzkoako enpresa zaharrenetariko bat bihurtuz. Urteurrena ospatzeko, ‘Eraikuntza eta Etorkizuna’ izeneko jardunaldia antolatu du Getariako Zarautz Jauregian, gaur. Bertan, eraikuntza sektoreak gaur egun dituen erronkak aztertu dira: digitalizazioa, prozesuen industrializazioa, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra eta gazte talentua erakartzea. Jardunaldian sektoreko 100 erreferente baino gehiagok hartu dute parte: eraikuntza, arkitektura, berrikuntza eta kulturako profesionalak.
Felix Urkola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura eta Lurraldearen Estrategiako diputatuak; Urkiri Salaberria, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondare, Jabetza Intelektual eta Legezko Gordailuaren Zuzendariak eta Jon Gurrutxaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Zuzendariak hartu dute parte gaur goizeko ekitaldian, baita Goierri eta Gipuzkoako hainbat udaletako ordezkariek ere: Iñaki Alberdi (Idiazabal), Iker Zubeldia (Zegama), Adur Ezenarro (Ordizia), Haritz Alberdi (Getaria) eta Iñaki Ostolaza (Zumaia). Iparragirre enpresaren izenean bertan izan dira Pedro Iparragirre, presidentea eta Patxi Albisu Estensoro, zuzendari nagusia.
Hitzaldi eta mahai inguruetan ondorengo profesionalek hartu dute parte: Marta Epelde Merino, Build:Inn klusterraren zuzendari Nagusia; Xabier Labeguerie Arenza, Gipuzkoako EAGI Eraikuntza Eskolakoa; Iker Nieto Garmendia, Arretxeko zuzendari Nagusia; Aitor Zubia Azkue, Zetabi Arkitektura-ko arkitektoa; Jon Muniategiandikoetxea Markiegi, Vaumm Arkitektura; Luisa Reino Rodríguez, Iparragirreren Bulego Tekniko, Berrikuntza eta Garapenaren Zuzendaria; Xabier Alberdi Lonbide, Albaolako ikerketa zuzendaria eta Donostiako Itsas Museoko zuzendari zientifikoa; eta Igor Lili Arrieta, arkitekto teknikoa.
Konpainia 75. urte betetzera iritsi da “konpromisoan, kalitatean, sustraietan, berrikuntzan eta egokitzeko gaitasunean oinarritutako estrategia bati esker”, Pedro Iparragirre Mujika, enpresako presidenteak, adierazi duenez: “Ez dugu soilik enpresa baten historia ospatzen, baizik eta gurekin batera bidea egin duten pertsona, erakunde eta entitate guztiena ere.” Era berean, nabarmendu du “hasierako balioak —tradizioarekiko errespetua eta profesionaltasuna— funtsezkoak direla garatzen jarraitzeko, identitatea galdu gabe”.
Bestalde, Patxi Albisu, zuzendari nagusiak, etorkizunari begirako mezu argia utzi du: “Ikasten jarraitzen dugu, dronak, eredu digitalak, industrializazioa… bezalako tresnak txertatuz, baina gure jatorria ahaztu gabe: irizpidez konpontzea, leialtasunez lankidetzan aritzea eta xehetasun guztiak zaintzea”.
Zarautz Jauregia: “arimadun birgaitzea”
Zarautz Jauregia izan da egun berezi honetarako aukeratutako tokia, Iparragirre Eraikuntzak enpresak 2019an birgaitu baitzuen. Getariako bihotzean dagoen eraikin hau 2024an eta 2025ean saritua izan da Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (COAVN) Birgaitze Onenaren Sariarekin. Pedro Iparragirreren hitzetan: “Berreraikitzea ez da soilik eraikitzea izan: interpretatzea, errespetatzea eta egokitzea izan da”.
Jardunaldian egindako mahai inguruan, proiektu honen bidez lortutako tradizioaren eta berrikuntzaren arteko oreka aztertu dute, tokiko ondarea balioan jarriz eta egungo funtzionaltasuna emanez.
75 urte lurraldearekin konprometituta
Zazpi hamarkadatan, Iparragirre Eraikuntza Lanak “Gipuzkoako garapen ekonomikorako motor bihurtu da, kalitatezko enplegua sortuz eta sektorearen balio-katea indartuz. 50 profesional baino gehiago ditu bere lantaldean, eta berrikuntzaren aldeko apustua agerian geratzen da Idiazabalen eraikiko den Eraikuntzaren Industrializazio Zentro berrian”.
Birgaitzea izan da enpresaren ardatz estrategikoetako bat, “Zumaian egindako Moilaberri edo Irungo Oiasso museoko hedapena” bezalako lanekin. Tokiarekin “lotura estua eta etorkizunera begirako ikuspegia” uztartuz, Iparragirre “erreferente bihurtu da Euskadiko eraikuntza sektorean”.