Uztailaren 1ean irekiko dute berriz Auzoeta kiroldegiko gimnasioa
Dagoeneko urte erdia igaro denez, kuotak erdira murriztuko dituzte.

Ataungo Auzoeta kiroldegiko gimnasioa handitzeko proiektua martxan jarri zuen udalak urte hasieran. Proiektuan gimnasioa zabaltzea, aireztapen-sistema berria jartzea, aldagelak irisgarri bihurtzea eta makina gehiago erostea aurreikusi zen. Lan horiek amaituta, gimnasioa uztailaren 1ean irekiko da berriro.
Kuotak erdira murriztuta
Irekierari begira, udalak jakinarazi du bazkidetza berritzeko epea zabalik dagoela eta 2025eko kuotak %50 jaitsiko direla. Urtea amaitu arteko kuota arrunta 35 eurokoa izango da, eta hilabetekoa 15 eurokoa. Bazkidetza familiarra ere eskaini dute: familia bereko kide guztiak etxe berean erroldatuta badaude eta urte osorako izena ematen badute, 55 eurokoa izango da.
Boulder gela itxita
Boulder gela, baina, ez da uztaila hasierarako erabilgarri egongo, udalak komunikabideetara bidalitako oharrean azaldu duenez: «Oraingoz itxita egongo da, baina gure asmoa da iraila alderako prest izatea eta berriz ere irekitzea». Bestalde, gimnasioko makinak berritzeko lizitazioa ere martxan dago, nahiz eta zenbait gorabeheraren ondorioz atzerapena izango den. Udalak adierazi du arazoak konpondu bezain laster tresneria berria erabilgarri egongo dela.
Gimnasioko giltza bakoitzak hamar euroko kostua izango du, baina dirua itzuliko dute berriz ere giltza bueltatzean. Ordainketa kontu-zenbaki honetara egiteko eskatu dute: 2095 5026 87 1060153888 (Kutxabank).