Zeraingo azpiegitura fotovoltaikoa inauguratu dute
Aldundiko ordezkariei proiektua aurkeztu diete komunitateko kideek. Azpiegituretara egindako bisitarekin itxi dute ekitaldia.

Atzo energia-komunitatearen inaugurazio ofiziala egin zuten Zerainen, ZerainLab elkartearen laguntzarekin herritar talde batek bultzatutako eta kooperatiba gisa eratutako herritarren ekimena. Ekitaldian izan ziren Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatua, Andoni Alustiza energia komunitateko presidentea, Loli Gonzalez ZerainLabeko presidentea, Arantzazu Gereñu Zeraingo alkatea eta sorkuntza eta kontsumo partekatuko eredu berri hori osatzen duten 27 bazkideak. Informazio bileraren ondoren, bertaratutakoek eguzki instalazioetako bat bisitatu dute.
Zeraingo energia komunitateak bi instalazio fotovoltaiko ditu, bakoitza bere biltegiratze sistemarekin, udalerriko bi enpresa txikiren estalkietan kokatuta: Garoa gaztandegian eta Txirbil Aroztegian. Berezitasun horren ondorioz, Zerain eredu aitzindaria da Gipuzkoan, lehen sektorea eta landa eremuko ekoizpen sarea energia trantsizioaren ereduan txertatzen baititu. Horrela, ekimenak bizitegi eremua gainditzen du, eta lurralderako funtsezkoak diren jarduera ekonomikoak txertatzen ditu.
Proiektua partekatzea
Guztira, 125 eguzki panel instalatu dira, 70,63 kWp-ko potentziarekin eta 22 kWh-ko biltegiratzeko ahalmenarekin, 330 metro koadroko azalera osoaren gainean. Sortutako energiak 24 familiari, 2 enpresa txiki eta ertaini eta tokiko elkarte bati mesede egingo die zuzenean, erregai fosilekiko mendekotasuna murriztuz eta faktura elektrikoan aurreztea ahalbidetuz. Kalkulatzen da instalazioak urtean 29,66 tona CO2 isurtzea saihestuko duela, hau da, urtean 1.188 zuhaitz xurgatzeko ahalmenaren baliokidea. Zeraingo eredua ezagutzera eman eta zabaltzeko baliatu zuten , era berean, atzoko ekitaldia. Andoni Alustiza energia komunitateko presidenteak aipatu duenez, “proiektua partekatzea zen helburua eta maila handian lortu dugu. Arrakastatsua izan da”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak proiektuaren kostu osoaren % 67 finantzatu du, 72.488,95 euroko laguntzarekin. Inbertsio horri esker, Zeraingo bazkideek energia berriztagarria eskura dezakete, instalazio indibidualik egin beharrik gabe.
Zerain besteentzako eredu
Jose Ignacio Asensio diputatuak eredu hori lurralde osora hedatzearen garrantzia azpimarratu zuen atzo, Zerainen: “Zerainek erakusten du trantsizio energetikoa herri txikienetan ere posible dela. Auzotarren eta tokiko sare ekonomikoaren inplikazioa funtsezkoa izan da proiektu hau abian jartzeko, bizi kalitatea hobetu, energia faktura murriztu eta pertsonak energia sistemaren erdigunean jartzen baititu”.
Asensiok gogorarazi duenez, 67 energia-komunitate daude aktibo Gipuzkoako 59 udalerritan, eta 2027a baino lehen 88 izatera iristeko konpromisoa berretsi du: “Inor ez dugu aldaketa horretatik kanpo geratzea nahi. Energia eskubidea da, eta pertsona guztien eskura egon behar du”.