Hasi dira sanjoanak Seguran
Zopa Pertzaren jaitsierarekin eta pregoiaren irakurketarekin eman diete hasiera San Joan jaiei Seguran. Pertzak sua hartu du kanpandorretik beherakoan, baina sustoan geratu da dena.

Nahiz eta jai giroa pasa den astetik nabaria den Segurako kaleetan, gaur goizean eman diete hasiera ofiziala jaiei. 11:30 aurretxoan kalejiran gerturatu dira plazara Segurako futbol taldeko kideak —aurtengo pregoilariak— eta herriko haurrak —fideoak eskuan— osatutako taldea Segurako txistulariak lagunduta.
Elizako erlojuak 11:30ak jo dituen unean abiatu da Zopa Pertza kanpandorretik plazara. Une horretan gertatu da goizeko bitxikeria. Zopari darion lurruna irudikatzeko erabili ohi duten kartutxoak su hartu du eta pertza sutan zela iritsi da plazako balkoira. Tentsio unea bizi izan da une labur batez, baina sua segituan itzali dute eta segituan hartu dute pregoilariek hitza.
Segura futbol taldeko kideena izan da aurten, pregoia irakurtzeko ohorea. Amaiur Berasategi, Xabat Maiotz, Maddi Berasategi, Aines Txabarria eta Felipe Pereirak hitz egin dute klubaren izenean. Segurako futbol klubak 340 jokalari ditu gaur egun, baina jokalariak ez ezik, klubeko ordezkari eta gurasoek egiten duten lanari ere egin diote erreferentzia. “Futbol talde bat baino gehiago izan nahi dugu: laguntasuna, auzolana eta partiduen ostean afari eta parranda ona bat!”, aipatu dute. Gazteei eskaini dizkiete azken lerroak, “inoiz baino beharrezkoagoak zarete klubarentzat, segi klubaren parte izaten eta denon artean honi bultzada ematen”, amaitu dute. Suziriaren eztandarekin eta fideo jasarekin lehertu da gero jai giroa, plazan bilduta zegoen segurarren artean.
Kuadrillen eguna
Kuadrillen eguna izanik, alkandora koloretsuz bete da gaur Segura. Kuadrillen arteko 9. jolasak egin dituzte eguerdian plazan eta bazkaritara elkartuko dira eguerdian. Arratsaldean, Sakatu elektrotxaranga ibiliko da kaleetan zehar 19:00ak eta 22:00ak bitartean, eta 23:00etatik goizaldera arte disko festa izango da Iñigo Etxenikerekin.
Egitaraua osorik ikusteko sakatu hemen.