‘Eltxo tigrearen’ zaintza plana abian da Ordizian
Ordiziako Udalak ‘Eltxo tigrearen‘ edo 'Aedes' eltxoaren zaintza entomologikorako kanpaina bat jarri du abian Neiker enpresaren bidez.

‘Eltxo tigrearen‘ edo Aedes eltxoaren zaintza entomologikorako kanpaina bat jarri du abian Ordiziako UdalakNeiker enpresaren bidez. Maitane Alvarez alkateordearen esanetan, “iaz ere jarraipena egin genion, eta aurten ere bai”. Euskal Autonomia Erkidego osoan egiten den kanpaina bat da, eta iazko kasuan, Ordizian Ae Japonicus /Ae Albopictus espezieak aurkitu zituzten. Era horretan, urteko garai honetan espezie honen gorakada izan daitekeelako egiten zaio jarraipen berezia. Arrautza-tranpak honako kokapenetan jarri dira: Barrena parkean bost gune desberdinetan, eta hilerrian ere beste bost. Azarora arte egingo diote jarraipena.
Udaletik emandako datuen arabera, eltxo beltza eta txikia da, 5 milimetro ingurukoa. Buruan eta toraxean duen marra zuriagatik ezagutzen da. Batez ere egunez aritzen da, eta leku ilunetan ezkutatzen da. Ziztada mingarriak izan daitezke, eta erreakzio bizia eragin. Dengea, Zika edo chikungunya bezalako gaixotasunak eragiten dituzten birusak transmititu ditzakeenez funtsezkoa da kontrolatzea.
Ziztada saihesteko aholkuak
- Eltxoaren ziztada saihesteko honako aholkuak jarraitzea gomendatu dute: mahuka luzeko arropa, praka luzeak janztea eta oinetako itxiak erabiltzea; eltxoa uxatzeko baimendutako produktuak erabiltzea, adibidez DEET, IR3535 edo picaridina, eta umeen eta emakume haurdunen kasuan, neurri fisikoak lehenetsi behar dira (eltxo-sareak).
- Ziztatzen bagaitu, garbitu ondo ziztadaren eremua urarekin eta xaboiarekin, eta ez da hazka egin behar infektatu ez dadin. Hotza aplikatu daiteke inflamazioa geldiarazteko eta azkura arintzeko. Batzuetan biziagoak izan daitezke erreakzioak, eta beharrezkoa izan daiteke osasun-arloko profesional bati kontsultatzea.
- Prebenitzeko, gainera, beharrezkoa da eltxoaren ugalketa eragoztea. Eltxoek ur kantitate txikia behar dute arrautzak erruteko; horregatik, beharrezkoa da aldizka miaketak egitea eta ontziak kentzea: saihestu ur-metaketa drainatze-uretan (kainu-zuloak eta estoldak) eta teilatu hodietan. Estali etengabe ura atxikita geratzen den zuloak zoru pribatu eta publikoetan. Hustu, astean bitan, ura metatzen duten ontziak: loreontzien azpiko platerak, pitxerrak, kuboak, jostailuak, plastikozko igeri lekuak, eta abar. Berritu, 2 edo 3 egunean behin, gure animalien edontziak. Isuri ura hustubideetan astean behin gutxienez, ur-geldiak saihesteko. Eltxo-sareak leihoetan, deposituetan, ontzietan eta abar erabiliz gero, saihestu egiten da eltxoak sartzea eta arrautzak errutea.