Belar lanen bideoa egingo du Burdinolak
Uda ondoren aurkeztuko dute Telleriarten bertan. Legazpiko elkarteak erakustaldiaren oso balorazio ona egin du, eta auzotarren inplikazioa txalotu du.

Burdinola elkarteak sustatuta Telleriarte auzoan igandean egin zuten belar lanen erakustaldia bideo batean bilduko dute, eta uda ondoren aurkeztuko dute. Telleriarten bertan egingo dute emanaldia, jarduera auzotarrekin gogoratzeko eta komentatzeko.
Bideoan garai batean belar lanak nola egiten ziren guztia bilduko dute. Burdinolako ordezkariek azaldu dutenez, elkartearen asmoa zen “prozesu guztia bideoan hartzea, ezer utzi gabe, eta uste dut hala gertatu dela”. Horrela, “bedarra ebaitzea, zabaltzea, buelta ematea, biltzea, gurdian kargatzea, zugatza egitea, sega-pikatzea, sortak egitea eta karreatzea…” agertuko dira ikus-entzunezkoan.
Bideo hori prestatzen hasita daude, eta publikoa aurrean aurkeztu aurretik, Burdinolak egin du igandeko erakustaldiaren lehen balorazioa; “oso ona” dela esan du. “Mimo handiz prestatutako ekitaldia izan da, eta detaile asko zaindu dira. Gauzak txukun egiteko nahia zegoen, eta auzotarren inplikazioari esker bikain atera da”. Horregatik, elkartea “oso eskertuta” dago ekitaldia aurrera ateratzeko lan egin duten guztiekin.
Seigarren erakustaldia
Belar lanena edo “bedarretearena” ez da izan Burdinolak antolatutako lehen erakusketa bizia. Legazpiko ondarea berreskuratzea eta gordetzea xede duen elkarteak beste alor batzuk ere ukitu ditu erakustaldi horietan.
Hona hemen aurreko urteetan egindako ekitaldiak:
– 2005. urtean, txondorra piztu zuten Egialden
– 2008. urtean, baso-lanen erakustaldi bat egin zuten Egialden
– 2010. urtean, garotea edo garo lanak grabatu zituzten Aztirian.
– 2014. urtean, haizeola bat piztu zuten Telleriarten.
– 2016. urtean, Artzain Egunaren bueltan, sutegiko lanak erakutsi zituzten.