Gazteen artean mugikorraren erabilerari buruzko saioak Legazpin, familientzat
Altxa Burua programaren barruan kokatzen dira, eta azaroan izango dira. Izena eman behar da parte hartzeko, hilaren 23a baino lehen.
Gazteen artean telefono mugikorraren zentzuzko erabilera bultzatu nahi duen Altxa Burua programaren barruan, Legazpiko Udaleko Hezkuntza zerbitzuak familientzako formazio saioak antolatu ditu azarorako. Hain zuzen, ZEOS mugikorraren Zentzuzko Erabilera eta Osasuna Saretzen programari buruzko saioak dira, eta Maitane Ormazabal eta Telmo Lazkano trebatzaileak izango dira arduradunak.
Lau saioak azaroaren 4an, 6an, 10ean eta 12an izango dira, Kultur Etxean, 18:00etatik 20:00etara. Bertan, eduki hauek landuko dituzte: mugikorraren auziaren formazio integrala; osasun mentalean barrena; sare sozialen arriskuei eta erabilerari buruzko formazioa; eta nerabezaroan barrena, beldurrak, balioak, autoestimua eta identitate eraikitzearen garrantzia aztertuz.
Saioetan parte hartzeko izena eman behar da hilaren 23a baino lehen, udalaren legazpi.eus webgunean.












