Kulturen arteko eguna ospatuko dute hilaren 18an Legazpin
Herrian bizi diren 52 kultura desberdinetako hamalauren ordezkaritza izango da, gastronomia, artisautza eta musikaren bidez. Euskal Herria plazan kokatuko dituzte postuak.
Legazpin Kulturen Arteko Eguna ospatuko da bigarren aldiz. Hurrengo asteko larunbatean, hilaren 18an, izango da hitzordua, Euskal Herria plazan eguraldi ona egiten badu, edo Azokan eta Urbeltz pilotalekuan euria egiten badu. Bertan kokatuko dira jatorri ezberdinetako legazpiarren postuak, hamasei, bakoitza bere herrialdea gastronomiaren eta kulturaren bidez ordezkatuz. Haurrentzako txokoa, tailerrak, artisauak eta musika ere izango dira egunean zehar.
Atzo arratsaldean eman zituzten jai giroan ospatuko den egun horren xehetasunen berri udaletxean egindako agerraldian. Ospakizun honen bultzatzaile nagusiak udala eta Hotz Legazpi dira, eta bi erakundeak ordezkatzen izan ziren Miryam Galilea kultura zinegotzia eta Leire Maiz eta Ane Calzada. Kulturen Arteko bigarren egunaren aurkezpenean Honduraseko Giovani Martinez eta Nikaraguako Karen Salgado ere izan ziren, parte hartuko duten herritarren ordezkari gisa.
Miryam Galileak gidatu zuen aurkezpena, eta Kulturen Arteko Egunaren bigarren edizio han prestatzen lan egin dutenak eskertuz hasi zen. Postu guztien kokapena antolatzen lagundu duen Jose Mari Gonzalez udal delineatzaile ohia aipatu zuen, baita udal brigada ere, eta bereziki Legazpiko Kontseilu Sozialista, Legazpiko Asanblada Feminista eta Txo!Esna elkarteetako gazteak. “Guztien lanak asko errazten digu eguna aurrera eramateaz. Martxoan hasi ginen antolaketa lanekin, lan asko da”.
Hamalau herrialdetako ordezkaritza
Legazpin bizi diren jatorri ezberdinetako herritarrak elkartuko dira berriz ere egun honetan, hamalau herrialdetako ordezkariak hain zuzen, iaz baino bost gehiago. Egunari 10:00etan emango diote hasiera, eta 16:00ak arte luzatuko da.
Lehenengo edizioaren formatu bera izango du aurten ere festak, eta janari eta artisau postuak izango dira nagusi. Mikromakramea, txapa, trentza, henna, arabiar idazkera eta eskuekin margotzeko tailerrak ere izango dira, eta berrikuntza gisa, haurrentzako txoko bat. Musikaren atala txalapartak, batukadak eta Fusion H talde latinoamerikarrak osatuko dute.
Egunaren antolaketan parte hartu duen Giovani Martinez hondurastarrak lan horretan ibili diren herritarren konpromisoa goraipatu zuen, eta aurten herrialde gehiagoren partaidetza nabarmendu zuen. Guztien partetik, urriaren 18ko festan parte hartzeko gonbita luzatu zuen, “etorri gurekin gozatzera, janariaz eta musikaz eta dantzaz. Fusion H talde zoragarria da, Nikaraguako, Honduraseko eta Ekuadorreko musikariak dira, era askotako erritmoak ekarriko dituzte: cumbia, batxata, merengue…”.
Karen Salgado nikaraguarra “harro” agertu zen bere herrialdea ordezkatuz, eta eskerrak eman zituen egun hori antolatzea posible egin duten guztiei, “gure herrialdetik gertuago sentitzen laguntzen duen eguna delako. Gurea hona ekarri eta gainerako herritarrekin konpartitzeko aukera ematen du, eta besteen kulturak ezagutzeko ere bai”. Nikaragua azalera txikiko lurraldea dela ere esan zuen, “baina oso aberatsa kulturan, tradizioan eta maitasunean”.
Nikaraguakoak dira Kulturen Arteko Egunean ordezkaritza izango duten hamalau herrialdeetako batzuk, baina Galileak gogoratu zuen Legazpin 52 kultura desberdineko herritarrak bizi direla. Azoka berezi horretan parte hartuko duten hamasei ordezkariekin bideo bat ere prestatu dute.
Honduras, Kolonbia, Venezuela, Peru, Maroko, Nigeria, Senegal, Mendebaldeko Sahara, Euskadi, Pakistan, Extremadura, Nikaragua, Argentina eta Kuba izango dira partaideak. Jatorkin, Shifa eta Kattalin elkarteek ere parte hartuko dute, Mor Mbathie eta Hippikeriak artisautza postuekin batera.
Egitaraua
- 10:00. Batukada
- 10:30. Aurkezpena
- 10:30. Janari eta artisau postuen irekiera
- 11:00-14:00. Haur txokoa
- 11:00-14:00. Tailerrak (mikromakramea, txapak, trentzak, henna, arabiar idazkera, eskuekin margotzea)
- 11:30-12:30. Perkusio ikastaroa
- 12:30-12:45. Txalaparta
- 13:30-15:00. Fusion H taldea
- 16:00. Amaiera












