Antzerkia, eta dantza eta musika ikuskizuna izango dira Legazpin asteburuan
Ostiralean 'Las Reinas kanpina' antzezlana eskainiko dute, eta larunbatean, 'Klera' lana taularatuko dute, haurrei eta familiei zuzenduta.
Maider Lekunberri, Maitane Perez eta Olatz Beobide dira 'Las Reinas kanpina' antzerkiaren hiru antzezleak. Hitza Antzerkiaren asteburua izango da datorren hau Legazpin. Latxartegi aretoan bi emanaldi daude programatuta. Ostiralean izango da bat, 19:30ean, eta La Cuerda Teatrok eta Ttipia Kulturak Las Reinas Kanpina lana eskainiko dute. Larunbat arratsaldean, 17:00etan, umeei eta familiei zuzenduta Klera ikuskizuna taularatuko dute Kukai dantza taldeak eta Maite Larburu musikariak.
Bi emanaldietarako sarrerak salgai daude Latxartegiren leihatila digitalean, 10 euroan ostiraleko saiokoak, eta 5 euroan Klera ikuskizunekoak. Latxartegin bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak, emanaldien aurretik.
Las Reinas kanpina
Las Reinas kanpina emakume talde baten urtez urteko opor-lekua da, “haien lurraldea, haiek agintzen duten lekua”. Eva Redondon zuzenduta, Maider Lekunberri, Maitane Perez, Olatz Beobide antzezleek aurkeztuko diote kanpin hori ikusleei, Pascal Gaignek konposatutako musikaz lagunduta.
Antzezlan hau “komedia beltz, arin eta absurdoa” da. Bertan, botere-harremanen errepikapena, atsedenaren eta lanaren arteko talka eta botere-abusua jartzen dituzte mahai gainean, hiru emakumeren istorioaren bidez. “Kanpina ez da atseden-leku hutsa: babeslekua da, erresuma eta lubakia. Gizakiaren portaera misterioa da… are gehiago bere aisialdian”.
Azken batean, adiskidetasuna, lurraldea, erresistentzia, hierarkien errepikapena, botere-abusua edo interes kapitalisten eta indibidualismoaren aurkako desobedientzia jorratzen dira antzezlan honetan, humorea tresna gisa erabilita.
Klera, dantza eta musika uztartuta
Larunbateko Klera ikuskizuna Leire Bilbaoren ipuin berean oinarrituta, Jon Mayak sortu du, eta June San Sebastianen irudiak, Maite Larbururen musika eta Kukai Dantzaren koreografiak biltzen ditu.
“Gerrak gure egunerokotasuna asaldatzen dabil, azken garaian. Batzuetan komunikabideetan presenteago dago, besteetan ezkutuagoan, baina bertan. Haurrak pairatzen dituzte eragin larrienak”. Klera lanak “errealitate horren emozioak dakarzkigu, emozioen bidetik errealitate berri batera joateko desio gisa”.
Jon Mayaren ideia batetik abiatuta, “lengoaia artistiko ezberdinak koaderno batean bildu zituen Klerak; literatura, ilustrazioa, musika eta dantza espresio bide hartuz”.
Eta koaderno gisako argitalpen horretan bildutakoak, taulatura eraman ditu Kukai Dantzak, bi dantzari eta Maite Larburu musikariaren interpretazioa duen familia ikuskizun batean.
“Artearen poetikotasunetik, gerraren ondorioei buruz gogoeta egitera” gonbidatzen du ikuskizun honek. 40 minutuko iraupena du, eta aipatutako arte guztiak uztartzen ditu oholtzan.
Klera ikuskizunak Espainiako Haur eta Gazte Literatura Sari Nazionala jaso du 2025. urtean.













