Haur eta gazteen unibertso euskaldunagoa helburu duen Eusfera aurkeztuko dute asteazkenean Legazpin
Kultur Etxean izango da Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak martxan jarritako ekimenaren aurkezpena, 17:30ean. Herritar guztiak daude gonbidatuta.
Eusfera ekimenaren aurkezpena, iazko abenduan, Donostian.BERRIA / GORKA RUBIO / FOKU Eusfera ekimena aurkeztuko dute bihar asteazkena Legazpin. Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak «euskarazko unibertso aberatsago bat sustatzeko» helburuarekin martxan jarritako ekimenaren berri Kultur Etxean emango dute, 17:30ean.
Eusfera 0 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoen euskarazko bizipenak indartzera bideratuta dago, eta horretan familiek zein euskaltzaleek duten papera azpimarratzen du. Helburu nagusia haurrentzat unibertso euskaldunagoa eraikitzea da, egunerokoan euskararen erabilera eta presentzia handituz.
Aurkezpena irekia da, eta familiak, hezitzaileak edo edozein herritar daude gonbidatuta. Ekimenaren berri emango diete bertan, eta nahi izanez gero, nola parte hartu azalduko diete.













