Gazte Festak ospatuko dira Legazpin, lehen aldiz
Santikutz jaien atariko, Gazte Asanbladak musika eta kirola ardatz dituen asteburua prestatu du. Korostiko igoera eta brilet txapelketa izango dira. Musikarien artean, Legazpiko Abstemikkos taldekoak.
Abstemikkos taldeko Merino gitarra, Ibai Agirre bateria eta Armendariz baxua. Aurreko urteetan ospatu dituzte Legazpiko gazteek Santikutzen atarikoak, baina aurten, Gazte Festak izena jarri, eta izaera ofiziala eman die Gazte Asanbladak jaien aurreko astebururako prestatu dituzten jarduerei. Kirola, bazkaria eta musika izango dira apirilaren 24an eta 25ean, eta herri osora zabalduko dute festalekua.
Kuadrillen egun bat sortzeko anbizioarekin ere bultzatu dituzte Gazte Festa hauek, Gazte Asanbaldako Jon Aldabaldetrekuk azaldu duenez. «Legazpin ez dago horrelako egunik Futbol-7 txapelketako final egunaz aparte». Horregatik jarri dute martxan blusaren ekimena ere, eta Gaztetxearen blusa propioa sortu eta jarri dute salgai, Gazte Asanbladaren ikurra den laranja kolorekoa. Horrez gain, kuadrilla guztiei luzatu diete bakoitzak berearekin jantzita ateratzeko ere, larunbatean bereziki.
Izan ere, larunbata, apirilaren 25a izango da Gazte Festen egun nagusia. Bezperarako, ordea, prestatu dituzte ekintzak ere, «baina lasaiagoa izango da eguna». Ixkiña eta Gazte Oholtza proiektuak uztartu dituzte egun horretarako. Gaztetxean prestatutako oholtza txikia herriko gazteei eskainiko diete, mikroa hartu eta antzerkia, bakarrizketak, musika, magia… egiteko. Ibai Murgiak irekiko du mikro irekien saio hori 19:30ean, eta Garazi eta Amaiur arituko dira gero, 20:30ean. Tartean izango dira artista gehiago Ixkiñan, ziur. «Helburua denon artean ondo pasatzea» dela gogoratu du Aldabaldetrekuk, eta gazteei «ausartzeko» eskatu die.
Korostiko igoera
Larunbateko egitaraua zabalagoa izango da, eta kirolerako eta musikarako tartea izango da, besteak beste. Eguneko egitaraua 09:15ean hasiko da, Euskal Herria plazan, Korostiko igoera bertikalarekin. Lehen egiten zen kirol proba berreskuratu dute horrela Gazte Asanbladakoek, 2018an egin zen azkeneko aldiz. Plazatik abiatuta, hiru kilometroko luzera eta 530 metroko desnibel positiboa duen proba izango da, Korosti mendi tontorreraino. «Baina ez da lasterketa izango. Partaideen denborak hartuko dira, baina probaren helburua ez da lehen sailkatuak saritzea, baizik eta partaidetza sustatzea», azaldu du horren antolakuntzan ibili den Beñat Iturbek. Sariak egongo dira ordea, baina Legazpiko korrikalarien artean zozkatuko dira.
Banaka edo binaka parte hartuko dute korrikalariek, plazatik minutuero irtenda. Lehenak 09:15ean aterako dira, eta Korostira 9:45etik 10:00etera iristea aurreikusten dute. Mendian anoa postua izango dute.
Goizaren beste osagai bat brile-7 txapelketa izango da. «Joko erraza, taldeka egitekoa, eta denok ezagutzen duguna» da brilea, «denon arteak barre batzuk botatzeko balioko du, eta ohiko poteoa ordezkatzeko ere bai». 11:30ean hasiko da, plazan, eta finala 18:00etan jokatuko da.
Bazkaria ere izango da larunbatean, Azokan, 14:30ean. Gazte Asanbladako kideek prestatutako bazkaria izango da, alternatiba bejetarianoarekin. Arratsaldean, brilea eta 3indarrok elektrotxaran nafarraren emanaldia izango dira, eta amaitzeko, kontzertuak Gaztetxean.
Musika, ezinbesteko
Musika ezinbesteko osagaia izango da Legazpiko lehen Gazte Festa hauetan. Elektrotxarangak hasiko du musika jarduera arratsaldean, eta gauean, 22:00etan hasiko dira kontzertuak Gaztetxean. Mungiako Lukiek (Bizkaia), Hilketa pun rock (Zizur, Nafarroa) eta Abstemikkos legazpiarrak igoko dira oholtza handira, jaialdia Tolosako Intz Dj-ak amaitzeko.
Abstemikkos taldearentzako emanaldi berezia izango da. 2024ko abuztuan Legazpin sortutako taldea da, eta 2025eko abuztuan eman zuten lehen kontzertua Brinkolako festetan. Hiru partaidek osatutako taldea da. Auritz Armendariz baxuarekin aritzen da, Mattin Merino gitarrarekin eta Ibai Agirre bateriarekin. Abeslaririk ez dutenez, gonbidatu desberdinekin osatzen dute taldea, musika estilo desberdinak konbinatuz, pop rocka, punka eta ska, besteak beste.
Taldearen izena «entzuten ditugun talde batzuen izenean oinarrituta» dagoela diote musikari hauek, «parodia edo broma bat bezala», eta Hell Beer Boys eta Porretas aipatu dituzte adibide gisa. Hala ere, taldeak aurrera jarraitzen badu, izen aldaketa bat egitea pentsatuta dutela ere aurreratu dute.
Larunbatekoa, Abstemikkos taldearen bigarren kontzertua izango da, eta musikariak irrikan daude berriz ere jendaurrean agertzeko.













