Goierriko Koordinadora Feministak kontzentrazioa egingo du Ordizian astelehenean
CAF lantegian gertatutako indarkeria matxista kasua salatzeko deitu du protesta bilkura. Ordiziako Plaza Nagusian izango da. Zaldibiako Aske Talde Feministak ere ohar bat kaleratu du.
Indarkeria matxistaren aurka iazko azaroan Ordizian egindako mobilizazio baten irudia. Loinaz Agirre Goierriko Koordinadora Feministak kontzentrazio bat deitu du astelehenerako CAF lantegian gertatutako indarkeria matxista kasua salatzeko. Ordiziako Plaza Nagusian izango da protesta bilkura, 19:00etan. Joan den ostegun goizean zabaldu zen albistea. CAFeko komun batean ezkutuko kamera bat aurkitu zuten eta langile batek bere burua erruduntzat jo zuen.
CAFeko Enpresa batzordeak elkarretaratzea egin zuen atzo lantegiaren atarian, eraso matxista salatu eta biktimei elkartasuna adierazteko. Lantokiek “gune seguru” izan behar luketela aldarrikatu zuten. Goierriko Gazte Feministak taldeak gaurko deitu du kontzentrazioa Beasaingo Igartza-Loinatz auzoan, eta Itaiak biharko Beasaingo Bideluze plazan.
Zaldibiako Aske Talde Feministaren oharra
Zaldibiako Aste Talde Feministak taldeak ohar bat kaleratu du gaur arratsaldean CAFeko gertakarien aurrean “gaitzespen osoa” adierazteko. “Lantokiko komunetan, langileen intimitatea urratuz, baimenik gabe grabaketak egin dira eta honek argi erakusten du indarkeria matxistak mila aurpegi dituela”.
Askeren esanetan, komunetan mota horretako grabaketak egitea “emakumeenganako kontrol nahiaren eta bortizkeriaren beste adierazle bat baino ez da”. Espazio publiko zein pribatu denak “guztiontzat gune seguruak” izan behar direla dio. “Horretarako, jarrera sexista oro errotik moztea ezinbestekoa da. Kolektibo gisa ulertzen dugu jarrera sexista orori aurre egitea guztion lana dela, zenbaitek sentitzen duten inpunitatearekin amaitu behar baita”.
Erasoa jasan duten biktima guztiei “babes osoa” adierazi die Aske taldeak. “Beraien ondoan gaude, eta behar dutenerako ere bertan izango gara beti”.
Aske taldearen iritziz “argi geratu da indarkeria matxista egiturazkoa” dela, “gizartean txertatuta” dagoela, “adin, jatorri edo klase soziala edozein izanik ere. Egiturazkoa den heinean, urruti zein geratu ematen da”.
Zaldibiako Aske talde feministak astelehenean Ordizian egingo den Goierri mailako kontzentrazioan parte hartzeko deia egin du.













