Legazpiko Udalak haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberriko doluarekin bat egingo du
Urriaren 15ean ospatzen da dolu mota horrekiko sentsibilizazio eguna, eta hori gogoratzeko udaletxea arrosaz eta urdinez argiztatuko du. Datorren asteko zine klub saioan 'Aitatxo' dokumentala proiektatuko dute.
Legazpiko Udalak bat egingo du urriaren 15ean ospatuko den Haurdunaldiko, Jaiotza inguruko eta Jaioberriko Doluaren Nazioarteko Egunarekin, eta bihartik 15era arte, udaletxea kolore arrosaz eta urdinez argiztatuko du. Egun tarte horietan eraikin publikoak argiztatzea haurdunaldian, jaiotza inguruan edo jaioberritan hil diren haurren doluarekiko sentsibilizazio erakusketa da, eta kontzientziazio keinu bat. Doluan dauden familiei laguntza eskaintzen dien Esku Hutsik bezalako elkarteek sustatutako keinua da.
Kontzientziazio horretan oso inplikatuta dago Legazpiko Udala. Esku Hutsik elkartearekin lotura estuak ditu, eta hilerrian haur horiei eta familiei eskainitako Zu memoria lekua sortu zuen iaz.
‘Aitatxo’, zine klubean
Datozen egunetan udaletxea arrosaz eta urdinez argiztatzeaz gain, Legazpin izango da dolu mota horrekiko elkartasun jarduera gehiago. Hala, Zine Klub Legazpik ostiraleko saioa gai horri eskainiko dio, eta Esku Hutsik elkartearekin elkarlanean, Aitatxo dokumentala proeiktatuko du, 19:30ean, Latxartegi aretoan.
Aitatxo dokumentalak hitza ematen die seme edo alaba galdu duten aitei, eta ikusgarri egiten du haien dolua. Dokumental honek aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu, eta lau testigantza jasotzen ditu: Igor Aldazabalena, Fernando Alonsorena, Anakotz Lasarterena eta Mikel Perezena. Bakoitzak egoerari nola aurre egin dion azaltzen du dokumentalean. Beñat Abasolok eta Mikel Serratok zuzendutako lana da.












