Hasi dira San Martingo jaiak
LH 6ko ikasleek jaurti dute festen hasierako txupinazoa, herrian azken ikasturtea dutelako. Ondoren, udaletxeko balkoitik gozokiak jaurti dituzte.
Ataungo LH6ko ikasleak udaletxeko balkoian txupinazoa jaurtitzen.Manex Usarralde San Martingo jaiei eman diete hasiera LH6ko ikasleek. Izan ere, festen hasierako txupinazoa jaurtitzea egokitzen zitzaien herrian azken ikasturtea egingo dutelako. Udaletxeko balkoira atera eta lehenik bertso bat kantatu dute, ondoren eman diote suziriari su.
Zeruan hiru bat suziri lehertu direnean haurrak udaletxeko balkoitik gozokiak botatzen hasi dira, beheran zeuden beste umeei, eta ondoren pare bat buruhandi atera dira. Gozokiengatik eta buruhandiengatik haurren zoramen oihuz bete da San Martingo plaza. Jaiak, ordea, hasi besterik ez dira egin. Bihar kuadrilla eguna, etzi mozorro eta haurren eguna eta igandean beste hainbat ekintza.
Txupinazoaren ondoren futbolinari, txikien txokoari eta henna tailerrari ekin diote. 13:00etan artzai txakur lehiaketa hasi da. Arratsaldean, txotxongiloen emanaldia egongo da eta dagoeneko 240 sarrera banatuta daude. Oraindik, hala ere, sarrerak eskuratzeko aukera dago.
Txotxongiloen ondoren, 18:30ean, patata tortilla lehiaketa izango da. Gainera, lehiaketako tortillekin eta jendeak etxetik eramandako janarekin afaria egongo da plazako karpan. El Gran Ritxarsonen kontzertuarekin amaituko da jaien lehen eguna. Bihar, kuadrilla eguna izango da.
ARGAZKIAK: Manex Usarralde













