Ibon Altzelai izango da EH Bilduren hautagaia Legazpiko alkatetzarako
Herrigintzari lotuta egon da gaztetatik, eta azken zortzi urteetan udaleko zinegotzia izan da.
Ibon Alzelai Ugarte proposatu du Legazpiko EH Bilduko Mahai Politikoak 2027ko udal hauteskundeetarako alderdiaren alkategai izateko. Proposamenarekin, EH Bilduk “Legazpiren etorkizunari begirako proiektua gidatzeko konfiantza agertu dio, herrigintzan eta udal jardunean urteetako esperientzia duen pertsona bati”.
Altzelai 58 urteko legazpiarra eta hiru seme-alaben aita da. Gaztetatik egon da Legazpiko herri mugimenduari eta elkartegintzari lotuta. Bere ibilbidean parte hartu du auzoko jai batzordean, auzo elkartean, Ene Bada! aldizkarian eta La Salle Eskubaloi Kirol Elkartean, besteak beste. Azken horretako lehendakaria da gaur egun. “Herrigintza ulertzeko modu horrek” markatu du bere ibilbidea. Herria elkarrekin, auzolanean eta kalean eraikitzen dela sinesten du.
Arlo profesionalean, bere lan ibilbidea mantentze-lanen arloan garatu du, batez ere industria sektorean. Ikasketak egiten ari zela, Alecop eta Tximista Instaladora enpresetan aritu zen lanean. Ondoren, FPLn (gaur egungo GKN) hasi zen, eta handik Urola SCoop, Fundiciones Urretxu eta TTT Ejes enpresetara igaro zen. Azken horretan, hamazazpi urtez mantentze lanetako zuzendari izan zen. Bere ibilbide profesionalaren azken etapan, Oñatiko kiroldegian egin du, lan bost urte eta erdiz.
Zortzi urtez zinegotzi
Azken zortzi urte hauetan, gainera, Legazpiko Udalean zinegotzi gisa aritu da, eta horrek “herriaren eguneroko errealitatea, beharrak eta aukerak gertutik ezagutzeko aukera eman dio”.
Altzelaik “esker onez eta erantzukizun handiz” hartu du proposamena: “Urte hauetan guztietan bildutako esperientzia, bizitako ikaskuntza eta, batez ere, Legazpirekiko dudan maitasuna zerbitzuan jartzeko unea da berriro”, adierazi du.
Aurrera begira, Legazpiko egungo erronkei erantzuteko konpromisoa azaldu du, eta horretarako herritarren parte hartzea eta elkarlana “ezinbestekoak” direla adierazi du.
Ildo horretan, Altzelaik azpimarratu du ez dela pertsona bakar baten proiektua, talde lanean eta herritarrekin batera eraiki beharreko egitasmoa baizik: “Legazpiar guztiontzat ateak zabalik dituen proiektua da gurea”.
Legazpiko EH Bilduren helburua herriarekin batera etorkizuneko erronkei aurre egitea eta “Legazpi bizigarriago, kohesionatuago eta euskaldunago baterantz urratsak ematea” da.
Proposamena egin ondoren, urtarrilean jarriko da martxan alkategaia berresteko prozedura formala. Bien bitartean, dagoeneko lanean ari dira herri programa lantzeko prozesu parte hartzailean, herritarren ekarpenak jasotzeko eta Legazpiren etorkizunerako proposamenak elkarrekin eraikitzeko.













