Izotzak oraindik harrapatu ez duen kiwia
Imperial madaria izan da fruten ataleko berritasuna, eta ilarra eta baba, landareetakoak
Eguraldi epelarekin, jende eta bisitari ugarirekin eta berritasun batzuekin egin dute azoka goizean Ordizian. Berritasunen artean, fruta kontuak izan dira nagusi, baina barazki berriak ere aurkeztu dituzte, baita landare batzuk ere.
Fruten atalean kiwia aipatu behar da lehenik. Ohiko moduan, azaro erdialdean iritsi da aurten ere Plaza Nagusiko postuetara, Patxi Arizmendirenenera eta Simon Aizpururenera, hain zuzen. Aramako Arizmendik azaldu duenez, lehen izotzak egin aurretik jaso beharreko fruta da kiwia, baina aurten ez dute itxaron, udazkena oso epel doalako, gaurko eguna horren adibide, eta egunak aurrera doazelako. Izotzaren zantzurik ez bada ere, neguko fruta hau iritsi da Ordiziara, eta kiloa 4,5 eta 5 euro artean dago salgai.
Frutekin jarraituz, Jose Antonio Elosegik Imperial motako madariak jarri ditu salgai, kiloa 3.5 euroan. Gabiriarra urteko sagarraren zukua saltzen ere hasi da, kristalezko botiletan, litroa 4 euroan. Natalia Magallenesek ere badu bere postuan, prezio berean.
Barazkiak eta landareak
Baina gaurko berriak ez dira bakarrik fruten atalekoak izan, barazkiak ere iritsi direlako, Natalia Magallenesen postura zehazki. Sustrai Askeak elkarteko ekoizle bidaniarrak txinatar aza jarri du salgai gaur, kilo inguruko piezak 2 euroan, baita arbia ere. Arbia lepo morekoa da, eta azaldu duenez, burua zein hostoak ditu jangarriak. Sortatan jarri du salgai, bakoitza 3 euroan.
Patxi Arizmendik, berriz, etxeko indaba zuria du salgai duela aste gutxi hasita, kiloa 12 euroan. Ale txikikoa da, landare baxutik ateratakoa.
Bestetik, landareak hurrengo urteko uztari begirako eskaintza osatzen hasi dira, eta ilarrak eta babak jarri dituzte salgai. Ibarrako Esther Ilarramendik izan ditu aukeran, landare bakoitza 0,30 euroan. Eta Plaza Nagusiko postu honetan ilar landarean eskaintzen hasi diren bitartean, Zuhaiztian ilarra bera hasi dira saltzen, lekan, kiloa 8,9 eta 9,9 euro artean.
Loreak ere aipatu behar dira, udazken-neguan ere izaten direlako. Gaur, nerine loreekin egindako sorta koloretsuak izan dituzte salgai Zurutzua ahizpek, sorta 5 euroan. Bestetik, Gabonak hurbiltzen ari direla eta, Azanzak agindu du datorren astean hasiko dela Pazko lore edo poinsetiekin.
Perretxiko asko
Perretxikoen eskaintza ere oparoa izan da gaur. Lasaren eta Barcinaren postuetan salgai jarritakoak batuta, hauxe izan da gaurko eskaintza, osora: 130 kilo onddo (kiloa 15 eta 45 euro artean), 15 kilo ziza hori (28-33 €), 16 kilo mendiko angula (22-33€), 5 kilo niskalo (18-33) eta 3 kilo saltsa perretxiko beltz (22€).
Bisitak eta sukaldaritza saioa
Bisitariak ez dira faltatu gaurko ferian Ordizian. Hiru talde izan dira, hiruak D’Elikatuz zentroko teknikariek gidatuta. Alde batetik, Ataungo Herri Eskolako ikasleak izan dira, bestetik Basque Culinary Centerreko talde bat, eta azkenik, Holandako turismo gidari talde bat.
Bestetik, gaurkoa Azokatik mahaira: sukaldean behin tailerraren eguna ere izan da, eta bertan, Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak sukaldean denbora optimizatzen, eta dieta orekatu eta osasungarria bermatzen irakatsi diete bertaratu direnei. Saio praktikoa izan da, eta besteak beste, bi ordutan aste osorako otorduak nola prestatu erakutsi dute.




















