Absoluzioa ospatzekoa gure kontu!
Josune Begiristain. Urretxu eta Zumarragako Libre taldearen izenean.
Onerako eta txarrerako, herri honetan aspaldi ikusi genuen gertakari lazgarrienei ere bere alderdi ona ikusten. Gertatzen dena gertatzen dela, Aldiri eta Ama Lur elkarteak mehatxupean jarri dituen epaiketari ere buelta eman ahal izan genion larunbatean Urretxuko Gernikako Arbola plazan antolatutako elkartasun egunarekin.
Jaialdiaren helburu nagusia Madrilen egingo den epaiketa horretarako dirua biltzea zen, eta alde horretatik eguna oso ondo joan zela onartu behar dugu. Baina hori oso garrantzitsua izanda, bada bi elkarte horietako kideak are gehiago bete gintuen zerbait: herritarron babesa. Izan ere, ekitaldia ikustera edo, besterik gabe, txosnan tragoren bat hartzera hurbildutako denok oso gertu sentitu zintuztegun. Horregatik, lerro hauetatik eskerrak luzatu nahi dizkizuegu guztioi.
Eskerrak bereziki beroak behar dute izan, ekitaldi honetan parte hartu zenuten Zuhaitzaren Kolektiboko txalapartari, Irrintzi eta Lurra dantza taldeetako dantzariei, trikitilariei, bertsolariei eta herri kirolariei. Esker mila zuen esfortzuarengatik, baina batez ere lehen momentutik erakutsitako prestutasunagatik. Elkartasun gauza politak egin ditzakegula erakutsi zeniguten, eta gainera, egun oso ederra pasa genuen. Biba zuek!
Tamalez, bidea ez da amaitu eta urriaren 26an manifestazio nazionala izango dugu Bilbon gazteria independentistaren eta 35/02 sumarioan auziperatutako herriko tabernen aurkako epaiketak salatzeko. Larunbatekoak aurrera jarraitzeko indarra eman digu.
Aldiri eta Ama Lur libre! Epaiketa politikorik ez!