Alfonso Segade eta zabor turismoa delakoa
Irati Aldaiz (Beasaingo Zero Zabor taldearen izenean).
Beasaingo PSE-EE alderdikoa den Alfonso Segadek Goierri Telebistan zabor turismoa salatu zuen aurreko astean. Adierazpen horien harira Beasaingo Zero Zabor taldeak badu zer esana.
Larritua omen dago gizona, izan ere, atez atekoa martxan den inguruetako herrietan hondakin tasak igoera joera izaten omen dute eta gainera, adibideak omen daude, baina aipatzen ez dituenez, jakin-minarekin gelditu behar. Uztailaren 12an hasi ziren atez atekoarekin Ordizian eta Sasieta Mankomunitatearen arabera ez dago Beasainen hondakinen tasa igo izanaren daturik. Beraz, Segade egon zaitezke lasai.
Adierazitakoa argudiatu nahian ziurtatzen du Legorretan eta Zaldibian %40 hondakin desagertu dela. Iseka mintzaira medio ea herritarrek gutxiago jaten duten galdetzen du. Erreflexionatuko duelakoan Beasaingo Zero Zabor taldeak honakoa galdetzen du: ez da izango bada herritarrek konpostajea egiten dutela?
Horretaz gain, azpimarratzen du atez atekoarekin eta 5. edukiontziarekin berdin birziklatzen dela.
Gipuzkoako Zero Zabor taldearen arabera, gaikako bilketaren bitartez %85 birziklatzen da, aldiz, 5. edukiontziarekin %30. Hori jakitekoa da. Datu gehiago eta zehatzagoak nahi dituenak Gipuzkoa Zero Zabor web gunea kontsultatu besterik ez du. Hortaz, Segade agerikoa da aldea badagoela, ezta?
Datu ekonomikoekin jarraiki Segade jauna kexu da gaiko bilketarekin kostua hirukoiztu egiten omen delako. Hori gezurra izateaz gain, honakoa gogorarazi nahi genioke: errauste plantaren aldeko planak 400.000.000 euroko kostua izango luke eta errauste planta baztertu eta birziklapenaren aldeko planak, berriz, 187.000.000 eurokoa du. Hots, atez atekoarekin hondakinen kudeaketa merkeagoa da.
Astakeri zerrenda nahikoa izan ez eta Segade jaunari bururatzen zaio interes ekonomikoak egon litezkeela atez atekoa ezarri nahi dutenen artean, baina segidan espekulazio hutsa dela azpimarratzen du. Asko eskatzea ez bada eskertuko genizuke joko zikin hori ez erabiltzea eta herritarrekin zintzo jokatzea.
Amaitzeko adierazi nahi genuke Beasaingo Zero Zabor taldeak urriaren 22an Basura Zero deituriko hitzaldia antolatu duela 19:00etan udaletxeko Areto Nagusian. Herritar oro gonbidatua dago hitzaldira. Alfonso Segade, zu ere bai noski!