Gaur egun, Legazpin sortzen ditugun hondakinen % 20a ari gara zabortegian lurperatzen. Emaitza oso ona da. Sei hilabete igaro dira eta gaika biltzen dugun hondakin-kopurua erreferente bihurtu da Gipuzkoan.
Tamalez, Legazpik birziklagarriak diren materialak zabortegian lurperatzen jarraitzen du. Auzokide batzuk ez dute sortzen dituzten hondakinak etxean bereizten, ez dute erantzukizun hori oraindik bereganatu.
Eta denok ezagutzen dugu bizilagun berekoi horiek erabiltzen duten ihesbidea: zabor-poltsa.
Edozein ordutan eta edozein formatutan, zabor-poltsak ateratzen dituzte gure kaleetara. Ez dute aldaketa onartu. Haien poltsen tamaina ez da nolanahikoa eta lurrean agertzen diren poltsek nabarmen erakusten dute haien jokabidea. Ez dute ontzi grisa nahi, bertan ezin dutelako nahasten duten guztia sartu.
Ez dago zabor-poltsak ireki beharrik barruan zer dagoen ikusteko: latak, tetra-brikak, papera edo beirazko botilak. Patata-azalak, ogi mokorrak, laranja-azalak, arrautza oskolak eta gainerako materia organikoa erraz identifika daiteke kanpotik begiratuta.
Hemendik, gure auzokide horien jarrera arduragabea salatu nahi dugu eta dei egiten diegu hondakinak bereizten has daitezen eta zabor gehiago sor ez dezaten. Hondakinak bereiztea obligazio morala da, herritarren eginbehar saihestezina.
Herri garbia nahi dugu eta hori denon artean lortu behar dugu. Txartel gorria ateratzen diegu zaborra duten poltsei.
Oharra: zabor-poltsa horien ondoan beste poltsa batzuk agertzen ohi dira, txikiagoak, errefusa bakarrik duten poltsak. Gai horren gainean egiten dugun hausnarketa hurrengo baterako uzten dugu.
Igor Romaratezabala eta bederatzi lagun gehiago.
Legazpiko Herritar Arduratsuak taldearen izenean.