Atez atekoa Zaldibian
Aitor Jauregi. Zaldibiako bizilaguna.
Osteguna egun handia zen zaldibiarrontzat. Garai berri baten hasiera eta gauzak ongi egin ditugun ustea, errealitatean gauzaturik ikusteko ordua iritsi da.
Hilabeteetako lanaren emaitza da ostegunean loratzen ikusi genuen hazia. Ez dugu egun batetik bestera mundua aldatzerik espero, baina aldaketan eragin nahi dugu. Gauzak ongi eta ahal bada hobeto egin nahi ditugu, eta hori da mundua aldatzen lagunduko digun jarrera.
Harro nago nire herriaz, emandako pausoez eta herritarrek erakutsiriko jarreraz. Harro egotekoa da, bihotza bero eta burua hotz mantentzen jakin duen herriaz eta tentaldietan ez erortzeko izan duen gaitasunaz.
Baina aski da! Gaurtik aurrera alferrikakoak izango dira batzuen eta besteen interesak, alferrikakoak urrunetik idatzitako albisteak eta gertutik asmatutako gezurrak. Zaldibiarrok praktikan probatu ahal izango dugu, horrenbeste hauts astintzen duen atez ateko hondakin bilketa sistema.
Ez dut eskutitz hau amaitu nahi, gaurko eguna iritsi ez zedin azken hilabeteetan lanean aritu direnei lerro batzu eskaini gabe:
Mila esker inolako alternatibarik edo proposamenik egin gabe, nahasmena, desinformazioa eta gezurrak zabaltzeagatik. Mila esker birziklapenaren alde zaudetela esan, baina ezer ez egiteagatik. Zuen lanak agerian utzi du zuen benetako izateko modua.
Zaldibiarrok ondo egitera goaz.