Bildu: Bista Alai eta gezurrak
Patxi Plazaola (Beasaingo alkate ohia)
Azken egunotan, Bilduren udal gobernua, Bista Alaiko bizilagunek beren etxebizitzen jauztea dala-eta jasan behar izan zuten egoeraren irtenbidearen inguruan, 2008an nik gidatzen nuen Udaleko hainbat jardunen informazioa kaleratzen ari da. Diotenez, etxebizitza horietako lurraren balorazioan, txosten bat falta omen den aitzakian, bizilagunei eta Ausartondo promotorari 230.342 euro oparitu izana leporatu didate.
Arazoa jasan zuten eta herritar guztien lasaitasunerako, irmotasunez baieztatzen dut, salaketa hori faltsua dela.
Berreraiki beharreko etxebizitzetako lurren balorazioa, alkatearen eta bizilagunen ordezkoaren arteko adostasunaren bitartez egin zen, beti ere udal teknikarien aholkuari jarraituz. Esan, adostutako kopurua bidezkoa eta zentzuzkoa dela.
Alkateak uneoro EAJ-PNVren babesa izan zuen, baita Udala osatzen zuten gainontzeko taldeen laguntza ere.
Bista Alaiko aferan hartu ziren erabakiak nire egiten ditut, eta Udalak bertan izandako jarrerarekin harro egoteko arrazoiak begi bistan daudelakoan nago. Guztion artean, kale gorrian geratu ziren familien arazo larriari irtenbidea eman baitzitzaion.
Daukadan pena bakarra, kaltetutako bizilagunen arazoari zentzuzko irtenbidea adosten nahi baino denbora gehiago pasa izana da. Bilduk, irregulartasun edo legez kanpoko edozer dagoen ziurtasunik balu, epaitegira jo behar luke, besteenganako gezurrak eta salaketak zabaltzeari utziz.
Bukatzeko, talde politiko guztien laguntza, bizilagunen jarrera eta Jokin Errastiren eskutik Ausartondoren konpromisoa eskertu nahi nituzke, bizilagun horiek etxebizitza duin eta irisgarri batera itzultzea ahalbidetu dutelako, bide batez Beasainen eta hirigintza aldetik, eremu egokiago bat izatea bideratuz.













