Euskal Herri euskaldunaren bidean, politika ausartak!
Goierriko Euskal Herrian Euskaraz
Aurten Euskararen Legearen 30. urteurrena dugu. Orduz geroztik euskararen egoerak hoberantz egin badu ere, azken inkesta soziolinguistikoek agerian utzi dute euskararen errealitate gordina. Besteak beste, azken hamarkadan %12-13 artean jo du goia euskararen erabilera tasak. UNESCOk dio herrialde batean hizkuntza baten erabilera tasa %33 baino handiagoa izan ezean, galtzeko arriskuan dagoela. Euskararen alde gaudela esatetik euskararen alde egiten hasteko garaia da!
Euskararen normalizazio prozesua zeregin politiko zein soziala da. Eragile sozialok aspaldidanik erakutsi dugu gure konpromisoa; ez dugu hutsik egingo. Politikaren alorrean, ordea, makina bat gabezia antzeman ditugu. Kilometroetan edota Korrikan agerralditxo bat egitea ez da nahikoa. Boluntarismoaren bidea ere agortu da. Hizkuntza politikak hizki larriz gauzatzeko unea iritsi da!
Lehen urratsa euskarari bere lurralde osoan lehentasunezko estatusa aitortzea da. Espainiar konstituzioak dio Estatu Espainiarrean bizi den orok gaztelera jakiteko beharra duela. Guk ere Euskal Herrian bizi den orok euskara jakin behar duela diogu, bi arrazoi tarteko: Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko; eta ezagutzak gora egitea estrategikoa delako euskararen normalizazioan. Txillardegik esan zuen moduan, hizkuntza batek, bere herrialdean beharrezko izan ezean, jai baitu! Txillardegik eta Isasik egindako azterketa baten arabera, erabilera %50ekoa izan zedin, ezagutzak %75ekoa izan behar du.
Egungo legediek ezartzen dizkiguten mugen aurrean, euskarak aurrera egingo badu, hizkuntza politika ausart, eraginkor eta burujabeak jarri beharko dira martxan. Guk ez dugu euskararen biziraupen hutsa nahi; Euskal Herri euskalduna nahi dugu!