Euskal Herrian bizi, lan eta erabaki. 30ean denok Donostiara!
Axular Barandiaran. Goierriko Sorturen izenean.
Egungo egoera sozioekonomikoa benetan lazgarria da. Langabeziak gora egin du nabarmen eta langabezia horrek hamaika aurpegi ditu; emakume, gazte eta migranteenak bereziki. Argazki horien ondoan industria-sektoreko lanpostuen galera ari gara ikusten azkenaldian: ehun produktibo eta fabriken gainbehera.
Hego Euskal Herrian 210.000 lagun baino gehiago dago langabezian , gainera pertsonen zerrenda lazgarri hau etengabeko hazkundean ari dela dakusagu. Dagoeneko Goierrin badira 4.450 pertsona lanik gabe daudenak eta 2.650 lanpostu suntsitu dituzte krisia deitu dioten kapitalismo basatiaren birmoldaketa hau hasi zenetik, krisi hau bukatzean sortuko ez diren lanpostuak.
Enpresa industrialen galerak izugarrizko eragina dauka jarduera ekonomiko osoan. Kasu sonatuenak denok gogoratzen baditugu ere, milaka dira Euskal Herrian itxi duten edo ixteko arriskuan dauden industria-
enpresa anonimoak.
Testuinguru horretan kokatzen dugu Fagor Etxetresnaken inguruan mahai-gaineratzen dugun ariketa politikoa. Fagor Etxetresnakek ixten badu 1.800 kooperatibista lanik gabe geratuko dira gure lurraldean eta beste askoren artean, Edesa eta Grumaleko langileak ere bai.
Milaka lanpostuz eta gure herriarentzako alternatiba sozioekonomikoan ezinbestekoa dugun ehun produktiboaz ari gara, berau babestu eta nahikoa dela esateaz ari gara. Bide honetan aurreko hamarkadetan izan den bezala ezinbestekoa izango da mobilizazioa eta borroka.
Horregatik Goierriko gizon eta emakumeak mobilizatzera deitzen ditugu eta datorren larunbatean.
Azaroak 30 arratsaldeko 17:30ean Donostian LABek enplegua eta lan eredu berri baten alde deitu duen manifestaldian parte hartzera.