Gora Sanjoanak! Zorionak segurarrok!
Arkaitz Sudupe
Sanjoanak joan dira Seguran, egitarauan berrikuntza politekin: pregoia San Juan zaharren egoitzakoen eskutik, herrian bizi garen kultura ezberdinen jaki azoka, Iñigo Etxenike DJ-a herritar guztiok dantzan jarriz, zendu berri den herritar bati omenaldia… Herri osoak elkarturik ospatu dituen festa paregabeak, denon elkarlanaren fruitu, zorionak festa batzordeari!
Festak amaitu dira, eta orain zer? Betiko liskarretan murgilduko al gara? Atez atekoa abian jartzeko edukiontziak jasotzen ari garen egun hauetan, ez naiz sistema honen egokieraren alde edo kontra jardungo, baina honelako gai sinple bat ezin badugu politizatu gabe kudeatu, zertan jarriko gara ados segurarrok?
Politika eta ezin ikusi gutxiago eta gertutasun eta elkarlan gehiago. Segurarrok nahi badugu, lortuko dugu!