GUTUNA: “Elkartasuna nagusi Arana eta Iturrioz kaleetan”
- Arazo bat dugu Paulo: ohiko bideetatik laguntza jasotzen ez duten familiak daude. Aukerarik ba ote duzu zerorrek finantzatzeko? - Zenbateko kuotaz ari gara hizketan, Elixabet? - Ba… - Dirua berreskuratzeko aukerarik ba ote dago? - Kasu batzuetan nekez berreskuratuko duzu. - Ondo da, neronek erantzungo diot zor horri. Antolatu bilera eta elkartuko gara. Obrak aurrera egingo du. Hala hasi ginen atari bakoitzeko azterketa egiten. EREan zeudenak, langabezian, dirulaguntzei esker bizi direnak… Paulo Cerqueira Portugalen jaiotako ordiziarra da, Arana kaleko birgaitze lanak martxan jartzea lortu duena, dirurik ez duenaren zatia bere diruarekin ordainduz. Hasierako une ezkor haien ondoren, pozak eta esperantzak hartu zuten atseden gurean. Lehenengo aldamioak jarri ziren, eta ondoren bestelako erabakiak hartu genituen: «Zein kolorez margotuko dugu fatxada?»; «Nik ere jarraipena egitek taldean parte hartu nahi dut»; «Lehioak aldatuko nituzke ba»; eta «Pozgarria da diru arazoak izanagatik ere fatxada konpondu ahal izatea». Halako esaldiak entzun ohi dira otsailaren 7az geroztik, aho batez Arana kaleko 2an fatxada konpontzeko erabakia hartu zutenetik. Pixkanaka elkartasunak bazterrak zipriztindu ditu. Baita bizilagunen artean ere: «Baduk behar ez dudan diru pixka bat, utziko dizuet eta itzuliko didazue ahal duzuenean». Bonilla eta Teilatugai eraikuntzakoek beste atari bateko lanekin hastea erabaki dute, diru guztia jasoko duten [...]
– Arazo bat dugu Paulo: ohiko bideetatik laguntza jasotzen ez duten familiak daude. Aukerarik ba ote duzu zerorrek finantzatzeko?
– Zenbateko kuotaz ari gara hizketan, Elixabet?
– Ba…
– Dirua berreskuratzeko aukerarik ba ote dago?
– Kasu batzuetan nekez berreskuratuko duzu.
– Ondo da, neronek erantzungo diot zor horri. Antolatu bilera eta elkartuko gara. Obrak aurrera egingo du.
Hala hasi ginen atari bakoitzeko azterketa egiten. EREan zeudenak, langabezian, dirulaguntzei esker bizi direnak… Paulo Cerqueira Portugalen jaiotako ordiziarra da, Arana kaleko birgaitze lanak martxan jartzea lortu duena, dirurik ez duenaren zatia bere diruarekin ordainduz.
Hasierako une ezkor haien ondoren, pozak eta esperantzak hartu zuten atseden gurean. Lehenengo aldamioak jarri ziren, eta ondoren bestelako erabakiak hartu genituen: «Zein kolorez margotuko dugu fatxada?»; «Nik ere jarraipena egitek taldean parte hartu nahi dut»; «Lehioak aldatuko nituzke ba»; eta «Pozgarria da diru arazoak izanagatik ere fatxada konpondu ahal izatea». Halako esaldiak entzun ohi dira otsailaren 7az geroztik, aho batez Arana kaleko 2an fatxada konpontzeko erabakia hartu zutenetik.
Pixkanaka elkartasunak bazterrak zipriztindu ditu. Baita bizilagunen artean ere: «Baduk behar ez dudan diru pixka bat, utziko dizuet eta itzuliko didazue ahal duzuenean». Bonilla eta Teilatugai eraikuntzakoek beste atari bateko lanekin hastea erabaki dute, diru guztia jasoko duten edo ez ziur ez izan arren. Igaranek, berak finantzatu ezin badu ere, beste aukera batzuen bila hasi da. Ulhaik ere ordaintzeko aukera hobeak eskaini ditu. Arketaz arkitektoen taldea ere behin eta berriz doan aztertu, berrikusi, eta proposamen ezberdinak egiten saiatu da. Baita lanak hasi aurretik ere.
Udalari ere berea eman behar zaio. Gobernuan dagoen taldeak legealdi hasieratik egin du Arana eta Iturrioz kaleetako etxeen birgaitzearen alde. Gertuko informazioa eskaini dio auzoari, bertan espreski horretarako pertsona eta bulegoa ipiniz. Etxeen Inspekzio Teknikoa (EIT) ere udalak ordaindu du, eta Birgaitzeko Eremua denez, obretako zergetan %95eko hobaria izan dugu.
Arana eta Iturrioz kaleak birgaitzeko, udalak bizilagunen eskura ipinitako bulegoan hamaika bilera egin dira, irtenbide ezberdinak aztertu, galdetu, proposatu… dira, batez ere elkarbanatzeko helburuarekin. Arkitektok, eraikuntza etxeetako langileak, abokatuak… denetik igaro da bulegotik, beti ere irtenbide onena bideratu nahian.
Hori dela eta, Arana kaleko 1 zenbakian, hustubideei lehentasuna eman eta fatxadarekin jarraituko dute. Arana 2an, fatxada eta patioa konponduko dituzte; Arana 3an, fatxada, patioa, eskailera, elektrizitate instalakuntzak eta igogailua, eta 4 eta 5 zenbakidun atarietan fatxada. Bestalde, Iturrioz kaleko 8an igogailuarekin hastekotan dira, eta 10. atarian, igogailuaz gain, fatxada, eskailera, elektrizitate instalakuntza eta ataria konponduko dituzte.
Krisia non-nahi ate joka dabilen honetan, eta nork bere zilborra garrantzizkoena duen une hauetan, Arana eta Iturrioz kaleetako birgaitzea dela-eta auzokideen elkartasuna, partehartzea eta autojestioa azaleratu dira eta aipatu beharreko ezaugarriak dira.
Zorte on obran Paulo, eta zorte on bizitzan.
Angeles Presa.
Arana 3ko lehendakaria.