Gutuna: "Lazkao Birziklatuz taldearen erantzuna"
Amagoia Naldaiz. Lazkao.
Aitzol Garmendiak argitaratutako testuari erantzunak eta, are gehiago, galderak bururatzen zaizkigu. Izan ere, guri ere zer prentsarazi digu azken urte eta erdian gipuzkoarrak aurrez aurre jarri gaituen gaiak. Hala, galderak ditugu erantzuteko.
Partaidetzan eredugarri dela dioen alderdi-koalizioak, nolatan inposatu du atez atekoa herritarrei galdetu gabe?
Gu bilketa sistemari buruz ari gara, ez tratamenduari buruz. Baina, zer egingo du Bilduk Gipuzkoako zaborrekin, jakinda zabortegiak laster itxi beharko direla eta besterik irekitzerik ez dagoela? Birziklatzerik ez dauden hondakinak errez energia sortzen ari den lantegia eraikitzen ari dira Kopenhagen. Eraikinak gainean eski-estazio publiko bat izango du. Tentelak al dira daniarrak?
Zergatik uste du Aitzol Garmendiak euren balkoietan poltsak zintzilikatu dituztenek ez dutela birziklatzen edo ez dutela birziklatu nahi? Desberdin pentsatzen dugunok, ez al dugu gure iritzia emateko eskubiderik? Zein dela uste du Aitzol Garmendiak inori legitimitatea kendu eta emateko?
Nola esan dezake Lazkaon ez dagoen zerbait boikotatzen ari garela? Ez al da ba alderantziz? Alegia, ez al da Bildu ari bosgarren edukiontzia boikotatzen, jarri zenetik erabilera bultzatzeko ez duenean ezertxo ere egin? Guk ere «esfortzu txiki batekin gauzak hobeto egin» daitezkeela uste dugu. Beraz, zergatik ez ahalegindu daukaguna hobetzen? Zergatik jarri du Bilduk Beasainen txipa duen edukiontzia, erabilera sarituz, eta aitzindariak izanda Lazkaon ez duela balio esan?
Seguru Usurbilen %85 birziklatzen dela? Eta zergatik ezkutatu du Bilduk Itsasondoko sistema, %90eko datua eman zuena? Ez al da 90 hobea, 85 baino? Eta ez al da hobea era eraginkorragoa, kostu txikiagorekin eta herritarrentzat nahasmen gutxiago duenean? Zer interes daude ezkutuan?
Lazkao Birziklatuzeko kide izan eta txartela ez duenaren izenean, esan txartelik ez duela bere auzoan, erdigunetik at ez dagoelako edukiontzi organikorik. Eta nahi duela edukiontzia.
Saia gaitezen, bai. Eman diezaiogun aukera bosgarren edukiontziari! Eta, batik bat, eman diezaiogun aukera herritarrei!