Gutuna: Majoriren inguruan hausnarketa batzuk
Majorin izan diren gora beheren inguruan Bilduko udal gobernuak erakutsi duen ezintasuna eta esan dituenaren aurrean, honakoa jakinarazi nahi dugu: Ezin zen beste modu batera izan, lehenengo arazo serioaren aurrean zer eta aurreko gobernu taldeari errua bota. Nola ez ba! EAko ordezkariek parte zuzena izatea gobernuko kide ziren heinean, erabiltzaileei eginiko inkesten emaitzak, kostuen murrizketak eta kudeaketa integralaren eredua beste udalerri askotan –Bildukoak barne– erabilia izatea, berdin zaie. Nor da nire ezintasunaren errudun? Beraien inguruan pixka bat begiratu eta iraganeko formulei jarraituz, erantzun erraza beraientzat: aurreko gobernu taldea! Goazen gauzak argitzera: Gezurra da kontrol-ezarena. Beraien ezintasuna justifikatu nahian diote kontrol falta izan dela bizi izan den egoerara eraman gaituena; ez dela kudeaketa kontrolatu. Beraientzat kiroletako delegazioak eginiko jarraipen zorrotza, 2010eko auditoria txostenak eta memoriak ez dute ezer balio. Zerk du ba balioa? Kudeaketa integralera jo genuenean helburu hauek finkatu genituen: kosteak ez igotzea; Udalaren ekarpena gutxitzen joatea; eskainitako zerbitzua hobetzea eta kirol teknikari bat izatea kostu gehiagorik gabe. Eta lortu da. Adibide gisa: 2011ean kiroldegietako langileen lan hitzarmenak %20 igotzen ditu soldatak. Aldiz, udalaren ekarpena %6,76an igo zen. (370.000 euro + BEZa 2010ean, eta 395.000 euro+BEZa 2011n). Gezurra da udal ekarpenarekin erraza dela kudeatzea. Kudeaketa integralean diru sarrerak enpresarentzat dira, [...]
Majorin izan diren gora beheren inguruan Bilduko udal gobernuak erakutsi duen ezintasuna eta esan dituenaren aurrean, honakoa jakinarazi nahi dugu:
Ezin zen beste modu batera izan, lehenengo arazo serioaren aurrean zer eta aurreko gobernu taldeari errua bota. Nola ez ba! EAko ordezkariek parte zuzena izatea gobernuko kide ziren heinean, erabiltzaileei eginiko inkesten emaitzak, kostuen murrizketak eta kudeaketa integralaren eredua beste udalerri askotan –Bildukoak barne– erabilia izatea, berdin zaie. Nor da nire ezintasunaren errudun? Beraien inguruan pixka bat begiratu eta iraganeko formulei jarraituz, erantzun erraza beraientzat: aurreko gobernu taldea! Goazen gauzak argitzera:
Gezurra da kontrol-ezarena. Beraien ezintasuna justifikatu nahian diote kontrol falta izan dela bizi izan den egoerara eraman gaituena; ez dela kudeaketa kontrolatu. Beraientzat kiroletako delegazioak eginiko jarraipen zorrotza, 2010eko auditoria txostenak eta memoriak ez dute ezer balio. Zerk du ba balioa?
Kudeaketa integralera jo genuenean helburu hauek finkatu genituen: kosteak ez igotzea; Udalaren ekarpena gutxitzen joatea; eskainitako zerbitzua hobetzea eta kirol teknikari bat izatea kostu gehiagorik gabe. Eta lortu da.
Adibide gisa: 2011ean kiroldegietako langileen lan hitzarmenak %20 igotzen ditu soldatak. Aldiz, udalaren ekarpena %6,76an igo zen. (370.000 euro + BEZa 2010ean, eta 395.000 euro+BEZa 2011n).
Gezurra da udal ekarpenarekin erraza dela kudeatzea. Kudeaketa integralean diru sarrerak enpresarentzat dira, bai, baina baita ere gastu guztiak. Eta gainera diru sarrerak baldintzatuak daude udalak ezartzen dituen prezio publikoekin.
Batzuentzat txoilo bat izango da, baina horrela izango balitz enpresa gehiago aurkeztuko zen lehiaketara eta ez bakarra, gertatu zen moduan, ezta?
Nola kudeatu dute egoera? Maiatzaren amaieran ezagutu genuen egoeraren larritasuna. Gobernu berria jakinaren gainean ipini genuen, baita adierazi ere gaiak zuen premia. Ez diote jaramonik egiten.
Udal teknikariek aholkatzen dute serioski kontratuaren amaiera negoziatzea. Berriro ere, arduragabekeriaz jokatuz, kasurik ez dute egiten. Lau hilabete beranduago ohartzen dira, atzerapen horrek dakarzkin ondorioekin. Jokabide hau ezintasunagatik da? Utzikeriagatik? Edo, behar bada, aurreko gobernu taldearen lana itsusitzeagatik, nahiz eta horrek herritarrak kaltetu? Ez al ziren oraingo gobernuko batzuek aurreko gobernu horren kide, ala?
Zergatik irailaren 5ean langileekin izan zuten batzarrean esan zuten kudeaketa Ordizian ona izan zela eta hurrengo eguneko herri batzarrean guztiz kontrakoa, azkenean aitortuz arazoa datorrela enpresak porrot egin duelako beste herri bateko kiroldegiko kudeaketan?
Kudeaketa ereduaren analisia egitea ondo dago, zergatik ez, baina zergatik pertsona berri bat kontratatu udal langileen artean eskarmentudun pertsona bat dagoenean hori aurrera eraman ahal izateko? Beraien hitzetan, «arazo larri» bati aurre egiteko. Normala al da oraindik ikasten jarraitzen duen lizentziatu berri bat kontratatzea?
«Kudeaketa» eredu berriak zer kostu izan behar du ordiziarrontzat? Zergatik zintzotasun eta gardentasunaren eredu izan nahi dutenak pertsona bat kontratatu dute a dedo, haren meritua beraietako baten semea izatea besterik ez denean?
Zergatik deitzen diote aholkulari, teknikari baten lana burutzen ari denean inongo deialdi publikorik egin gabe? Noski, mozorrotu nahi izan dutelako beraietako bati lanpostu bat ematea enpresa publiko batean. (…)
Joseba Ormazabal.
Ordiziako EAJren presidentea.