Hondakinen arazoa
Aitzol Garmendia (Lazkao Zero Zaborreko kidea). Lazkao. Hondakinak politiko eta komunikabide handienen gai garrantzitsuenak diren une honek hausnarketa bat merezi duela iruditu, eta zuengana zuzentzea pentsatu dut. Hitzez denek gauza bera defendatzen dutela ematen du, hau da, denak omen daude zaborrak murriztu, berrerabili eta birziklatzearen alde eta, badirudi, gelditzen den errefus horrekin zer egin dela eztabaida, biltzeko sistema alde batera utzita noski, uste baitut benetan arazoaz hitz egitea tokatzen dela. Momentu honetan, bai aurreko legegintzaldietako agintariek eta oraingoek egindako planak dauzkagu mahai gainean. Aurrekoek, oraingo sistemarekin jarraituz (birziklatze portzentajeak %40koak dira kasurik onenean) birziklatzen ez dena errausketaren bidez erre eta behar bezalako «balore kalorifikoak» lortuz gero, orduan energia sortzea zuten helburu. Aldi berean erraustegiak uzten dituen errauts eta eskorientzako zabortegiak eginez. Oraingoek, berriz, atez ateko sistemaren bitartez (egiten den herrietan %80ko birziklatze tasetan daude) birziklatze portzentajeak igo eta gelditzen denarentzako lehenik eta behin zabor horretan aurkitzen diren lehengai baliotsu horiek bereiztu eta ondoren zabor inerte edo egonkor hori zabortegi batera bota, non, zabortegi hori itxia izanik eta lixibiaturik eta gai kutsakorrik ez duenez leku kaltetuetan betelanak egiteko erabiltzeko asmoa agertu duten. Hori horrela izanik, nik nere iritzia emango dut bi proposamen hauek mahai gainean izanik. Gai honen aurrean asko dago [...]
Aitzol Garmendia (Lazkao Zero Zaborreko kidea). Lazkao.
Hondakinak politiko eta komunikabide handienen gai garrantzitsuenak diren une honek hausnarketa bat merezi duela iruditu, eta zuengana zuzentzea pentsatu dut.
Hitzez denek gauza bera defendatzen dutela ematen du, hau da, denak omen daude zaborrak murriztu, berrerabili eta birziklatzearen alde eta, badirudi, gelditzen den errefus horrekin zer egin dela eztabaida, biltzeko sistema alde batera utzita noski, uste baitut benetan arazoaz hitz egitea tokatzen dela.
Momentu honetan, bai aurreko legegintzaldietako agintariek eta oraingoek egindako planak dauzkagu mahai gainean. Aurrekoek, oraingo sistemarekin jarraituz (birziklatze portzentajeak %40koak dira kasurik onenean) birziklatzen ez dena errausketaren bidez erre eta behar bezalako «balore kalorifikoak» lortuz gero, orduan energia sortzea zuten helburu. Aldi berean erraustegiak uzten dituen errauts eta eskorientzako zabortegiak eginez.
Oraingoek, berriz, atez ateko sistemaren bitartez (egiten den herrietan %80ko birziklatze tasetan daude) birziklatze portzentajeak igo eta gelditzen denarentzako lehenik eta behin zabor horretan aurkitzen diren lehengai baliotsu horiek bereiztu eta ondoren zabor inerte edo egonkor hori zabortegi batera bota, non, zabortegi hori itxia izanik eta lixibiaturik eta gai kutsakorrik ez duenez leku kaltetuetan betelanak egiteko erabiltzeko asmoa agertu duten.
Hori horrela izanik, nik nere iritzia emango dut bi proposamen hauek mahai gainean izanik. Gai honen aurrean asko dago irakurtzeko eta informatzeko, horretan sakondu ondoren arrazoi bat baino gehiago etortzen zait burura ondoren esango dudana pentsatzeko.
Nola da posible, PNV, PSOE eta PPk beraiek ere murriztu, berrerabili eta birziklatzen alde daudela esatea, beraiek egindako hondakinen kudeaketarako planean (Pigrug izenekoa) bertan, zenbat materia organiko, ontzi arin, kartoi eta birziklagarriak diren beste hainbat gauza erretzea dutela helburu jartzen duenean?
Nola da posible hori horrela izanik, Europako Parlamentuan birziklagarria dena erretzearen aurka agertzea, jakinik errauste plantak, beraiek nahi duten energia ateratzeko lehengaiak behar dituztela «balore kalorifiko» horiek lortzeko? Nola da posible, Madrilen PSOEk eta Katalunian PSCk eta CIUk atez atekoa babestu, Espainiako Ingurumen diputatuak Usurbil jartzea hondakinen kudeaketan eredugarri eta hemen horrelako kanpaina mediatiko eta manipulatzailea egitea?
Beste aldetik, orain gobernatzen duen Bilduk egindako proposamena daukagu mahai gainean, eta atez ateko sistema polita edo itsusia iruditzen zaidan iritzia alde batera utzita, eta gainera plan hau idatzi dutenen artean nazioarteko herrialde aurreratuenetako pertsonak daudela ikusita, erabat positiboa iruditu zait, arrazoi ezberdinengatik:
Plan honek gizartearentzako ona dena bilatu duela iruditzen zait, ahalik eta gehiena berrerabili eta birziklatzea duelako helburu, baita zero zaborrerantz bidea egiteko konpromisoa ere. Eta, nola ez, krisi garaiotan askoz ere diru gutxiagoko kostua duen plan bat, non lanpostuak sortuko diren. Horrek gipuzkoarroi diru gutxiago ordaindu beharra suposatzen du.
Hori gutxi balitz, naturarekiko errespetua duen plana dela uste dut, errauste planta ez bezala, eta pertsonen osasuna ere kontuan hartzen duena.
Hori dena dela-eta Lazkao Zero Zaborretik deia egiten dizuegu ekainaren 17an Donostian, Saguesen, 12:00etan, errauste plantaren aurka osatuko den mosaiko erraldoira joateko. Bertarako kartulinak eskuratzeko mahaia jarriko dugu ekainaren 15ean plazan, 19:00etan.