"Hondartzarik ez dugulako edo...?"
Agurtzane Lasa (Lazkao Birziklatuz taldea). Lazkao
Duela lau hilabete atez atekoaren ezarpena urtebete atzeratu eta zaborren bilketa hobetzeko kanpaina eskatu genion Udalari. Duela hiru aste atez atekoa ez jartzeko eskatu genuen, Gipuzkoan Bilduk agintzen duen hainbat herritan erabakiak atzera egin duela ikusita. Gure eskaerek ez dute oraindik erantzunik jaso, baina badakigu gaia batzordean landu dela eta erantzuna zein den: ez eta ez.
Kostaldean, adibidez, Donostiak eta Zumaiak erabaki dute organikoa jasotzeko edukiontzia txiparekin jarri eta haren erabilera egiten dutenei hobariak ematea. Aurretik Zarauzko Udalak uko egin zion atez atekoari. Txipa duen edukiontzia, bai, Lazkaon sortu eta zabaldutako eredua eta udal gobernuak garatu nahi izan ez duena. Zergatik jarraitzen dute atez atekoa jarri nahian? Hondartzarik ez dugula eta kanpotarrei eman diezaiekegun irudiak axola ez diolako? Eta lazkaotarrak, zer?
Beasaindarrek guk baino zorte gehiago izango dute. Han Bilduren gobernua txipa zabaltzen hasi da. Eta erabiltzaileak sarituko ditu zaborren tasa ordaintzerakoan. Egia da Beasainen ez dutela hondartzarik. Arriarango presa dutelako izango ote da? Azpeitian ere atez atekoa ez jartzea erabaki du Bilduk. Iñaki Errazkin Ingurumen diputatua alkatea izan zen herrian, alajaina! Inazio santuak erakartzen duen jendetzari begira ote dira?
Lazkaotarrok ezin sinetsirik gaude. Hala, atez atekoa nahi ez dutenei balkoietan jarritako poltsak mantentzeko eskatzen diegu. Gehiago jartzeko ere bai, edo jartzeko oraindik ez badituzte. Eta, noski, edukiontzien erabilera zuzena egiteko, organikoa barne. Bilduren gobernuari, beste behin, atez atekoa jartzeko erabakia atzera bota eta zabor bilketaren datuak hobetzeko dugun sistema garatzeko eskatzen diogu. Beste batzuk hartzen ari diren sistema eta Lazkaon jarri bai baina hasieratik baztertu dutena.