LABORAL KUTXA izen berria dela eta
Dionisio Amundarain (euskaltzalea)
Iritziak iritzi eta gustuak gustu, argi eta garbi dago aipagai dugun bankuari (zer da ba bankua ezta) bost axola zaiola euskara. Tarteka egingo ditu adierazpen batzuk, baina funtsean adierazpen interesatuak izaten dira; besterik ez. Jakina, ona izango litzateke interes eta probetxu kapitalistak eraginda bakarrik ere euskara erabiliko balute askok eta askok.
Baina jakinaren gainean egon beharko genuke gauza bat dela motibazio materialista-egoista hori, eta beste gauza bat euskara erabiltzea Euskal Herria euskaldun herri ikusi nahi duelako. Horrelakorik ikusteko gaude Laboral Kutxaren kasuan.
Bestetik, jendeak, ohiko hizkeran, “laboralean” etab. erabiltzen duelakoa, nondik dator? Erakunde horrek, hasiera beretik, “laboral” terminoa sustatu, indartu, nabarmendu zuelako. Hasieratik beste izen bat sustatu izan balu –esateko, Langile Kutxa— beste bat zatekeen jendearen ohiko hizkera.
Bukatzeko, izen berria dela eta, banku horrekiko lausenguak sobera dira (horretantxe hasi beharko genuke!); lausenguak ez ezik, eufemismoak ere bai. Uste dut lotsagarria dela eta lotsatzekoa izen berri hori. Baina, jakina, lotsa zer den jakin beharra izaten da.