Oposizioa isilik, oiloek pixa egin arte
Joxemai Ormazabalek Lazkaoko EH Bilduren izenean bidalitako gutuna:
Elkarlanean egingo dugu aurrera, elkarrekin gaindituko ditugu arazoak, hitz eginez dena konpontzen da… hitzak, hitzak…
Joan den ostegunean osoko bilkura izan genuen Lazkaoko Udalean. Berez iraileko Ohiko Bilkura izango zena, atzeratzeko eskatu zigun alkateak eta onartu egin genuen. Urriaren 1ean, egin genuen, beraz, irailean atzeratutako osokoa. Ez genuen asko uste atzerapen hori oposizioaren mozio bat isilarazteko, eztabaidatua ere ez izateko, erabiliko zuenik udal gobernuak.
San Migel egunean-edo hainbat gurasok ekimena hartu zuten udalari eskaera bat bideratzeko: euren haurrek eskola-sarreran egin beharreko ilaretan aterpea edo babesa eskatzen zuten. Eguraldi txarrak hastearekin, COVIDagatik hartutako neurriak betetzeko, atarian elkartu eta tenperatura hartu zain egon behar izaten dute haurrek. Esan beharrik ez, hemendik aurrera eguraldia trakestean, arazoak sortuko dizkiela haurrei eta arriskuan jarriko duela beren osasuna. Horiek horrela, guraso horien ekimenarekin bat eginez mozioa aurkeztu genuen joan den osteguneko osokorako.
Bada, zakarrontzian bukatu du gure mozioak: ez dute eztabaidatu ere egin nahi izan. Ohiko osokoa egunez aldatzearekin ezohiko bihurtu da eta hor, nonbait, alkatearen esku dago eguneko gai-ordenan sartu ala ez mozioak nahiz galdera-erreguak. Ea ez dituzten udalean jasotako beste hainbat eskaera ere, gurasoek egindakoak, gure mozioaren ondoan sailkatzen. COVIDaren aurrean babesik ez ahal diete ukatuko, baldinbaitere, herriko babesgabeenei!