Plataformaren zenbakiak oker daude
Legazpiko Plataformak egin duen agerpen publiko berrian aditzera eman duenez, soilik 400 familiek atez atekoa erabiltzen dute eta 3.150 familiek, berriz, edukinontzi marroia. Atez ate jaso diren organiko tonak aintzat hartuz, familia bakoitzak 44,47 kilo hilabeteko sortu du.
Edukinontzi marroiarekin jasotako tonekin gauza bera eginez gero, familiako 14,51 kiloko media ateratzen da. Lehenengo ondorioa: atez ateko bilketa %300 eraginkorragoa da.
Edukinontzi marroiaren bidez familiako jasotzen ez diren 29,96 kiloak, orotara hilabeteko 94.374 kilo organiko dira. Nora doaz tona guzti horiek? Sortzen ez dituztela esanez norbaitek amaitutzat emango du afera. Akats latza. Orduan, nora doaz? Errefuxaren atalean hilabeteko 42 tona jasotzen da. Hemen zerbait geldi daiteke, baina bilatzen ditugun 94 tonak ez dira sartzen.
Bigarren hipotesia zabor turismoaren eraginaren aurrean gaudela pentsatzea da; baina aukera hau ontzat ezin dugu eman, garraiatu behar den bolumen haundia ikusirik (eguneko 3.146 kilo), ez da sinesgarria. Gainera, Zumarraga eta Urretxu herrietan jasotako datu totalek aukera hau baztertzen dute. Bigarren ondorioa: plataformaren zenbakiak oker daude.
Plataformari bere ratioak gainbegira ditzala eskatzen diot, ea horrela zenbakiak koadratzea lortzen dugun. Hasierako datuak zuzenak ez direla pentsatzen dut. Zuen berrien zain gelditzen naiz.
Migel Anjel Markotegi.