Tren geltokian euskaraz???
Maiatzaren 1ean, arratsaldeko 8ak aldera, trenetik lau lagun jaitsi eta Ordiziako tren geltokian sartuta, takila itxita eta ate automatikoak zabalik zeudenez pasatzen hasi ginen. Orduan RENFEko segurtasun zaindariek bileteak eskatu zizkiguten gazteleraz, bik bagenituen eta beste bik Legorretatik zetozenez ez zituzten, han takilarik ez baitago. Legorretatik zetozenak bileterik gabe zergatik zeuden euskaraz azaltzen hasi ziren eta gazteleraz egiteko erantzun zieten, euskaraz segi, eta “estamos en España y la lengua oficial es el castellano” erantzun ziguten. Beraiek ez zutela ulertzen eta gazteleraz egiteko eskatu ziguten, makinara zuzendu ginen biletea ateratzera gure artean euskaraz, eta haiek gazteleraz egiteko, bestela ertzainei deituko zietela, guk euskaraz jarraitu eta bileteak atera ondoren, ertzainei deitu zieten.
Zazpi-zortzi ertzain inguru etorri ziren eta lehenengoak gazteleraz egin zigun, euskaraz egiteko eskatu genion eta ezetz, guk gazteleraz egiteko eskatu zigun, plaka zenbakia eskatu genion eta aurrena azaltzeko zer gertatu zen gazteleraz, guk ezetz, hemengo hizkuntza ofiziala euskara dela eta euskaraz egin nahi dugula. Ertzain guztietatik norbaitek euskaraz egiteko eskatu genien berriro eta azkenean ertzain bat euskaraz hasi zitzaigun, esanez gazteleraz egiteko, besteek ulertzeko, errespetoz eta guk erantzun genion, ez behartzeko gazteleraz egitera, gure hizkuntza euskara delako. Azkenean eztabaida ezertan geratu zen, baina biletea atera zuten bi lagunen datuak hartu zituzten.
Egoera honen aurrean zera eskatu diogu RENFEri:
-Beharrezkoak diren neurriak har ditzala tren geltokietan euskaldunok gazteleraz egitera behartuak izan ez gaitezen.
Eta Eusko Jaurlaritzari ere hauxe eskatu diogu:
-Behar diren legezko neurriak har ditzala euskaldunoi euskararen herrian gazteleraz egitera behartu ez gaitzaten. Eta Ertzaintzak ere beharrezko neurriak har ditzala, ertzainek euskaraz artatu gaitzaten, gazteleraz egitera behartu gabe.
Edurne Huesa Otegi (Ordizia), Jose Manuel Aranzabe Zubelzu (Zaldibia), Antonio Aierbe Garmendia (Ordizia), Pedro Maria Olano Azurmendi (Zaldibia)