Zapalduok, altxa gaitezen!
Mikel Urdangarin (Ernai).
Urtean gosez hildako 35 milioi lagun. Haur bat 10-15 segundoko. Ehungintzan diharduten multinazionaletako langileen esplotazioa: 12-14 ordu egunean, hilean 38 dolar ziztrinen truke. Etxegabetzeak, etxebizitza bat urte luzetako mailegu bidez soilik eskuratu ahal izan dutenentzat. Gainontzekook, gurasoen mende jarraitu behar. Langabezia edota prekarietatera kondenatutako etorkizun ilunak. Langabezia ezinbestekoa da guk edozein lan edonolako baldintzetan onartzeko. Lan prekarioak langabezia tasa handiak dakartza, lana banatu beharrean gutxi batzuengan pilatuko delako lan karga osoa. Txanpon beraren bi aldeak, finean. Emakumeen kasua are okerragoa da: emakume langabe gehiago egoteaz gain, batez beste %20-25 gutxiagoko soldata jasotzen baitute. Menpekotasun horren muturreko espresio dira eraso sexistak.
Iaz, 61 erailketa Espainiar estatuan; erasoak, berriz, ehunka. Ikasle akritiko, sexista, «espainol», indibidualista… bilakatu nahi gaituen LOMCE hezkuntza erreforma neofrankista. Erabakitze eskubidearen ukapena. Gerra inperialistak. Errealitatea boteredunen mesedetan desitxuratzen duten komunikabideak. Elite ekonomiko eta enpresarialaren zerbitzura dagoen kasta politikoa. Horren aurka matxinatzen direnenentzat, atxiloketa, tortura eta salbuespenezko kartzela.
Gu ez gaude errealitate anker horrengandik salbu. Guk geuk jasaten ditugu murrizketa, langabezia, ikasketa eta lana uztartu beharra… aberatsen zerbitzura dagoen kasta politiko horri (PNV, PP, PSOE) guk (ingurukoek bai bederen) eman diegu boterea, baita bertan irauteko bermea ere, haien politika zikoitzak pasibitatez ikusiz. Era berean, gu ere «bekatu estrukturalean» murgilduta gaude: Kongon hiru milioi hildako eragin dituen koltan mineralez osatutako mugikorrak daramatzagu soinean, umeak esplotatzen dituzten Zara, Nike, El Corte Inglés eta abar marketako arropa janzten dugu (bai azkar alboratu ere, baliabide naturalak xahutuz), elikagaiekin espekulatzen duten banketxeetan dugu diru apurra… Sistema zapaltzaile honen hatzaparretan harrapatuta gaude. Biktima eta erantzule. Bai, erantzule. Izan ere, denok egiten dugu politika: berau gainditzeko lan eginaz edota sistemaren pieza bat gehiago izan eta honen konplize bilakatuz, nahiz inkontzienteki izan. Hain zuzen, sistemak irauteko era horretan behar gaituelako: lokalean etzanda, era akritikoan haien iruzurra irentsi eta haien interesei men egiten dien bizi ereduaren erritmoan dantzan. Horrexegatik saiatzen dira gu lokartzen. «Apolitikoak» dira sistemaren aldeko politikaririk onenak.
Altzoa aukeratzeko garaia da! Edo etxe-kaleratze, langabezi, prekarietate eta estreinako parrafoan aipatutako abar luze eta krudel horren aurka gaude eta errealitatea gainditzeko borrokatzen dugu edo horien iturburu den sistema basatia babesten dugu, borrokatu ezean sistemaren alde egon agian ez, baina honen biziraupena bermatuko baitugu, praktikan bere alde eginaz.
Azpikook mugituz gero, goikoak erori egingo dira! Sinets dezagun garaipenean! Gehiago gara! Gure esku dago! Zapalduok, altxa gaitezen!
Garaipenaren bidean, ostiralean, 18:30ean, Gazte Batzarra plaza azpian. Azaldu!