Zu gezurtero, zu gehio!
Aitor Larburu (Beasaingo Udal Gobernu Taldearen izenean)
Ume kontua dirudi honek, baina oso gauza serioak daude tartean. Ezer baino lehen Patxi Plazaolak eta Aitor Aldasorok Bista Alaiko auzian bizilagunak nahastu nahi dituzte, lehenago nahiko kalte jasan ez bazuten, orain euren ardurak ezkutatzeko Bildu bizilagunen aurka jarri asmoz. Beraz, esan dezagun auzi honetan, ez bizilagunek ez eta Ausartondok ere, ez dutela inongo ardurarik, eta auzian ez dagoela gaiari eman zitzaion irtenbidea, aprobetxamendu bidez udalak jaso beharreko dirua baizik. Beraz, utzi bizilagunak bakean.
Salaketaz hitz egiten du Patxi Plazaolak, baina orain arte guk ez dugu inor salatu, gaia Hirigintza Batzordera eraman eta galdera batzuk besterik ez ditugu egin, inori ezer leporatu gabe. Zergatik orduko alkateak inorekin kontatu gabe eta udal teknikarien txostenen aurka kobratu behar ziren baino 230.243€ gutxiago kobratu zituen? Zertan oinarritu zen kantitate hori baloratzeko? Zergatik ez dago espedientean guzti honen berri? Zergatik engainatzen dituzte gainontzeko alderdietako zinegotziak 2008ko apirilaren 1eko hirigintza batzordean Aitor Aldasorok eta Patxi Plazaolak eginiko amarruan? Mesedez erantzun galdera horiei eta gaia bukatutzat emango dugu. Ez nahastu bizilagunak, ez nahastu Bista Alaiko gertakariak, eta erantzun.
Berriz esango dugu, ez dago salaketa faltsurik, soilik galderak; eta gezurrez hitz egiten hasita, udaleko idazkariak garbi esan du ez dagoela beste balorazio txostenik eta erabakia udal teknikarien txostenen aurka hartu zela.
Oraindik galderak argitzeko fasean gaude, nahiz eta Patxi Plazaolak eta Aitor Aldasorok ez erantzutea erabaki duten. Badirudi presa dutela epaitegira joateko. Delitu zantzuak agertzen badira, Udal Gobernuak herriaren eta herritarren interesak defendatzeari ekingo dio, inolako zalantzarik gabe. Behar bada, orduan, orain arte baino argiago hitz egin beharko dute.