Denboralea, iragarritakoa baina arinagoa
Alerta laranja zegoen ezarrita gaurko egunerako Elena izeneko ekaitzak izan zitzakeen ondorioengatik. Goiza bustia eta batzuetan haizetsua joan den arren, ekaitza espero baino arinago igaro da Goierritik.
Tarteka euri zaparrada gogorrak, txingorra eta batzuetan elurra egin badu ere, goiza normaltasunez joan da Goierrin Elena izeneko ekaitza igaro den bitartean. Mendi tontorrak zuri daude, eta errekak eta ibaiak hazita, baina ez du iragarrita zegoen moduan elurrik egin ezta hain eguraldi txarrik ere.
Eguraldi iragarpen txarrengatik, hain zuzen, alerta laranja zegoen ezarrita gaurko egunerako eta horren ondorioz hainbat kirol ekintza bertan behera uztea erabaki zuten atzo, besteak beste eskola kiroleko kanpoko jardunaldiak Goierri garaian eta errugbiko Pottoka Txapelketako eta -16 eta -18 ligetako partidak –Ordizian ziren jokatzeko horietako batzuk–. Bestetik, errepideetan ez da arazorik izan goizean zehar.
Euskalmetek “negu gorriko giroa” iragarri du egun osorako, eta elur-kota arratsaldean eta gauean 300-400 metrora jaitsiko dela esan du.