Goitibehera txapelketarekin, aurrera darraite San Blas jaiek Idiazabalen
Arratsaldeko lehen orduan hasita, goitibehera jaitsiera egin da Idiazabalen, Euskadiko Txapelketarako baliagarria. San Blas jaiek aurrera jarraitzen dute, biharko egun handiaren zain
Eguraldia ez da asko laguntzen ari Idiazabalgo San Blas jaietan, baina herrigunean zehar kokatu dituzten karpak lagungarri dira festa horiek giro onean ospatzeko. Kanpoan egin beharreko ekitaldiei dagokienez, berriz, eguzkia ere izaten dute bidelagun, tarteka besterik ez bada. Hala gertatu da, adibidez, arratsaldean jokatu den XIII Izalgo Goitibeherekin; lehen bi txandak ateri joan dira, baina hirugarrena eta azkena egundoko txingor zaparradapean egin dute. Hala ere, partaide guztiak iritsi dira helmugara, Idiazabalgoa bertakoa den Saioa Elorza izan ezik, erori eta min hartuta erretiratu baita –ezer larririk ez, antolakuntzak adierazi duenez–. Elorzak Maddi Gutierrez bergararra zuen bikote.
Hiru kategoriatan jokatu da goitibehera jaitsiera hau, Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria izan dena: neumatika, arinak eta drift trike. Hitzordua 13:30ean zen, herriko plazan. Handik atera dira Gurutzeta aldera 40 partaideak. Zirkuitoa, 1,600 kilometroko jaitsiera zen, Gurutzetatik plazaraino.
Hauxe izan da sailkapena:
Neumatika
1. Julen Markez eta Gorka Markez (01.34:267)
2. Unai Biain eta Adrian Perez (01;35:178)
3. Arkaitz Alfonso eta Xabier Alfonso (01:36:272)
Arinak
1. Aaron Delgado (01:49:692)
2. Francisco Martinez (01:51:534)
3. Ander Odriozola (01:56:377)
Drift Trike
1. Jorge Menocal (02:03:769)
2. Aitor Zabaleta (02:08:010)
3. Unai Ponce (02:08:808)
San Blas jaien egitaraua ikusteko, https://goierri.hitza.eus/agenda/
Hona hemen argazkiak eta bideoa: