Iker Irribarria, Aramako alkate berria
Aritz Insaustik 2023ko ekainaren 17an hartu zuen alkate kargua. Gobernu taldeak adostutako akordioaren ondorioz egiten dute kargu aldaketa.

Agintaldia erdira iritsi denean, alkate aldaketa izan da Araman, gobernu taldeak adostutako akordioaren ondorioz: Aritz Insaustik kargua utzi, eta Iker Irribarria izendatu zuten atzo arratsaldeko ez-ohiko udalbatzarrean.
Insaustik 2023ko ekainaren 17an hartu zuen alkate kargua, eta Aramako Udalaren oharraren arabera, “ordutik mahai gainean egon da legealdia bi zatitan banatzeko aukera. Trantsizio hori gaur [atzo] gauzatu da formalki, udalbatzarrean egindako bozketaren bidez”.
Irribarriak esperientzia du, bigarren agintaldia baitu Aramako udalean. Gogotsu hartu du erronka, eta orain arte egindako lanari jarraipena ematea du helburu nagusia: “Eskertuta eta ilusioz hartzen dut ardura hau. Herri honen alde lanean jarraitzea ohore bat da niretzat, eta orain arteko lanari jarraipena emateko asmoa dut, herritarren ongizatea eta parte-hartzea erdigunean jarriz. Erronkak badira, baina konfiantza osoa dut gure taldean eta herrian bertan”.
Hona hemen Aritz Intsaustiren agurra:
“Ikerri lekukoa emateko garaia!
Nork esango luke herri txiki batek hainbesteko lana daukanik! Udal-taldetik igarotzea baino hoberik ez dago bertako errealitateaz jabetzeko.
Bi urteko agintaldiaren ondoren, Ikerri lekukoa emateko garaia heldu da. Zalantzarik gabe alkate izatea esperientzia aberasgarria izan da; asko ikasteko balio izan dit, eta plazer handia izan da herriari bertatik laguntzeko aukera izatea. Hasiera batean dena berria eta ezezaguna bazen ere, talde lanean jardunez, uste dut lanak txukun egiten ari garela.
Atzera begiratuta, badakit badaudela beste modu batera egingo nituzkeenak, baina sinetsita nago akatsetatik ikasten dela, eta ziur naiz hurrengo bi urteak oparoagoak eta emankorragoak izango direla. Herriaren behar nagusiak identifikatuak ditugu, eta erronka horiei aurre egiteko gogotsu gaude. Horretarako, alkate kargutik ez bada ere, udal-taldean lanean jarraituko dut, orain Ikerren gidaritzapean.
Hori esanda, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet udaleko taldekideei eta, nola ez, Aramako herritarrei, azken bi urteotan izan dudan babesa, konfiantza eta lankidetza eskertuz.
Amaitzeko, zorte ona opa diot Ikerri; zure arrakastak guztionak izango dira!”