San Joan bezpera intentsua Legazpin
Ekitaldiz bete-beteak datoz datozen egunak herri honetan, San Joan egunaren bueltan antolatutakoarekin. Errondalla eta abesbatza, banda, dantzariak eta arma alardea izango dira protagonistak, ohiko suarekin batera.

San Joan bezpera hurbiltzen ari den honetan, ekitaldiz bete-betak datoz hurrengo egunak Legazpin. Musika banda, errondalla eta abesbatza, banda, dantzariak eta arma alardea izango dira protagonista nagusiak, ohiko suarekin batera.
Hasteko, Legazpi Musika Bandak udari ongi etorria emateko kontzertua egingo du bihar larunbata, Latxartegi aretoan, 18:00etan. Jesus Castillejok zuzenduko du emanaldia. Igandean musika gehiago izango da, oraingoan Alaitasuna errondailaren eta Santikutz abesbatzaren eskutik. Bi taldeek ohiko San Joan erronda eskainiko dute, baina aurten arratsaldez, eta ez gauez azken urteetan bezala. Erronda 19:30ean hasiko da.
Astelehena San Joan bezpera da, eta Legazpin ohiko bihurtu den armen alardea egingo dute, 18:00etan Laubidetik aterata. Betiko ibilbidea egingo dute eskopeteroek eta txilibiteroek, bidean hainbat geldialdi eginez tiro egiteko. Plazan amaituko dute alardea, 20:00etan.
Gauean, berriz, San Joan sua piztuko dute plazan bertan, 22:30ean. Txalapartariek, dantzariek eta txistulariek lagunduko dute ekitaldia, eta besteak beste San Joan zortzikoa eta Bedaioko ingurutxoa dantzatuko dira, sua erretzen ari den bitartean. Amaieran erromeria girotuko dute Goiz Deia bandako txistulariek.
Brinkolan ere ospatuko da San Joan bezpera, Guriditegi auzunean, hain zuzen. Duela urte batzuk hasita, auzuneko biztanle guztiak afarian elkartzen dira, gero elkarrekin sua piztu eta udari ongi etorria emateko.