Telleriarte, San Joan jaiei begira
Legazpiko auzoak igandean eta asteartean ospatuko ditu aurten festak. Igandean belar lanen erakustaldia egingo dute.

San Joan arbola tente jarrita, Legazpiko Telleriarte auzoan prest daude aurtengo jaiak ospatzeko. Aurten, igandean eta asteartean ospatuko dituzte sanjoanak.
Igandean hasiko dira, 10:00etan, Goiz Deia txistulari taldeak egingo duen goiz eresiarekin. Ordu horretan bertan hasiko da garai bateko belar lanen erakustaldia, auzotarrek Burdinola elkartearen babesarekin egingo dutena. Belarra moztu, lehortu, garraiatu, belar meta egin eta beste lan batzuk lehen nola egiten zen erakutsiko dute, eta lan horiek egiten dituzten bitartean, gurdi bat ibiliko da auzoan umeen jostaketarako.
Ondoren, 13:00etan triki-poteoa egingo dute Iosu eta Furrielarekin, eta 14:30ean auzo bazkaria izango da, Arrizabala plazan jarritako karpan. Ondoren, aspertu arte dantza egingo dute trikitilariekin.
Astearterako, San Joan egunerako, bi ekitaldi antolatu dituzte: 12:00etan meza eta lore bedeinkapena egingo dituzte ermitan, eta 13:00etan luntxa plazan.